Palestinaren aldeko aldarria ozen entzun da Uribe Kostan

Erredakzioa 2025ko urr. 15a, 22:19

Palestinaren aldeko lanuzteak jarraipen handia izan du gaur, eguaztenean, sindikatuen arabera. Goizean, lantegietako beharginek protestak egin dituzte beraien lantokietan; eguerdian, eskualdeko langileak Bilbora joan dira manifestazio orokorrera parte hartzera; eta, arrastian, Gernika-Palestina herri-ekimenak herriz herri eta auzoz auzo deitutako mobilizazioetan parte hartu dute ehunaka herritarrek. 

Israeli boikota egiteko, gobernu genozida horregaz negozioak egiteari uzteko eta Palestinari elkartasuna adierazteko aldarriak ozen entzun dira Hego Euskal Herri osoan, baita gurean ere. Goizean, hiruzpalau orduko lanuzteak egin dituzte beharginek (sindikatu deitzailearen arabera), eta egun osokoa irakasleek, LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek egindako deialdiari erantzunez.

Esaterako, beste askoren artean, Astrabuduko udal-euskaltegia itxita egon da egun osoan zehar eta Leioako Unilever lantegian gaueko txandako jarraipena % 75-100ekoa izan da, goizekoan apalagoa izan den bitartean.

Eskumaldeako LAB sindikatutik greba-jardunaldi arrakastatsua izan dela ere azpimarratu dute: "Hego Euskal Herriko hiriburuak jendez lepo egon dira, azkenaldian ikusi ez diren mobilizazio jendetsuenetan: Bilbon bertan 55.000 langile batu gara. Bertan izan gara Eskumaldea eta Uribe Kostako langileak ere".  

Burrunba Palestinaren alde

Arrastian, genozidioa salatzeko burrunba eskualdeko txoko guztietan entzun da, Gernika-Palestina herri-ekimenak deitutako elkarretaratze zaratatsuetan. Gogoratu dutenez, palestinarrak etxera itzuli dira su-eten akordioari esker, baina Gazan etxe arrastorik ez dagoela salatu dute, hondakinak baino ez, "genozidioaren frogak". 

Hori dela eta, nazioarteko komunitateak ardura hartzea eskatu dute, Israelen "inpunitate sadikoa" bere horretan gera ez dadin. "Nork bermatuko die palestinarrei etxe birrinduetara itzultzeko eta berreraikitzeko eskubidea? Libre izateko eskubidea errespetatzen dela bermatu behar du munduak", aldarrikatu dute gaur protestan aritutakoek.

Ildo horretan, gogoratu dute "basapizti sionistak" edozein momentuan sinatutako akordioa albo batera utz dezakeela, eta deitoratu dute genozidioa ez dela AEBetako presidente Donald Trumpek diseinatutako akordioagaz amaitzen: "Genozidioa keinu bakoitzean indarrean dago, baita nazioarteko diplomaziarekin batera antzeztutako pailazokerietan ere. Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, zuzenean ikusteko parada daukaguna baieztatu zigun: Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa".

Nazioarteko araudiak eta diplomaziak "nabarmenki porrot" egin duela ozen salatu dute, eta egoera hau berriro beste inon ez gertatzeko bermeak behar direla aldarrikatu eta sistema "guztiz inperfektuaren" autokritika sakona eskatu dute. 

Era berean, orain "inoiz baino gehiago" begi guztiak Palestinarengan jarri behar direla esan dute, Palestinaz berba egiten jarraitu, bigarren plano batean geratzeko arriskua errotik uxatzeko asmoz. Hala, babes eta mobilizazio sozialari eusteko milaka arrazoi daudelakoan, "suntsitutako adreilu bakoitzeko bana eta, datozen asteotan, arlo guztietan aukera paregabeak izango ditugu palestinarrak erdigunean jartzeko".

Israeli boikota egiteko deia

Palestinar herriari elkartasuna adierazteaz gainera, Israel isolatu beharra dagoela azpimarratu dute ekintzaileek, "maila diplomatiko, komertzial eta kulturalean, kirol mailan, instituzioetan, unibertso akademikoan... okupazioa, apartheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak amaitu arte, eraikiko den tren bakarra askatasunarena izan dadin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun