Diagnostiko hau herritarren eta tokiko eragileen parte-hartze aktiboaren emaitza izan dela azpimarratu dute arduradunek, eta mugimendu feministak zein pentsiodunen plataformak izan dira prozesuaren motor nagusiak. Hala, zainketa-lanak duintzeko eta adinekoentzako Eguneko Zentroa sortzeko beharra izan da herritarren eskaera nagusietako bat, Plentzian zein Uribe Kostan ez baitako horrelako baliabiderik oraindik. Horrez gain, Plentziako Osasun Zentroak ere parte hartu du prozesuan, eta ikuspegi komunitario eta prebentiboa duten arreta-ereduak bultzatzeko interesa azaldu dute.
Azaldu dutenez, diagnostikoa metodologia kualitatibo eta parte-hartzaile baten bidez egin dute, ikuspegi feminista eta intersekzionala aplikatuz, eta 21 eragileri egindako elkarrizketa sakonen bidez osatu da. Hala, txostenak Plentziaren indarguneak eta erronkak azpimarratzen ditu: ingurune natural pribilegiatua eta komunitate ehun sendoa, baina baita irisgarritasun arazoak, zerbitzu publikoen saturazioa, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta zaintza-enpleguaren prekarietatea ere.
Egoera horren aurrean, dokumentuak zainketa-eredu publiko-komunitarioa garatzeko estrategia bat proposatzen du, hiru ildo estrategiko nagusitan banatua. Batetik, sare publiko-komunitarioa sortzea, hau da, Zainketen Ekintza Sarea eratzea proposatu dute, administrazio, eragile ekonomiko eta komunitarioen arteko lankidetza bultzatzeko. Bestetik, zainketen inguruko informazioa zabaltzea, udalerrian zainketen erreferentziazko gune bat sortuz, baliabide eta eskubideen inguruko informazio irisgarria eskaintzeko. Eta, azkenik, bizitzaren iraunkortasunaren inguruko sentsibilizaziorako jardunaldi eta kanpaina publikoak antolatzea, zainketa-lanen balioa eta ardura partekatua sustatzeko.
Plentziako Udaleko arduradunek azpimarratu dutenez, "zaintza-politikak erdigunean jartzea ezinbestekoa da udalerri bidezko, solidario eta jasangarria eraikitzeko", eta eskerrak eman dizkie egitasmoan parte hartu dutenei, "hausnarketa eta esperientziak partekatu dituzten herritarrei, Plentzia zaintzailearen oinarriak eraikitzen laguntzeagatik".