Plentzian "Ehun Bai Hitz" ekimenak euskararen aldeko urrats kolektiboari ekin dio

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 11

Dozenaka herritarrek parte hartu zuten Plentziako Euskara Mahaia berritzeko xedea duen ekimenean. © PLENTZIAKO UDALA

Herrian euskararen erabilera hauspotzeko helburuagaz, Ehun Bai Hitz ekimena abiatu zuten domekan Plentzian. Udalak bultzatutako egitasmoa Ontziola plazan egindako topaketa bategaz abiatu zuten, non ehun pertsona baino gehiagok euskararen aldeko konpromisoak eta ideiak partekatu zituzten.

Ekimenaren hurrengo fasean, bildutako ekarpenakaz euskararen aldeko dekalogo bat sortuko dutela iragarri dute Plentziako Udaleko antolatzaileek, eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, aurkeztuko dute publikoki. Dekalogoak herriko euskara-planaren ardatz berriak markatu gura dituela ere aurreratu dute, eta Euskara Mahaiaren funtzionamendua berritzeko oinarri izango dela ere azaldu dute.

Antolatzaileen esanetan, "Ehun Bai Hitz ez da amaiera, baizik eta bide berri baten hasiera". Helburua da herritar guztien parte-hartzeagaz Plentzia euskaldun, bizi eta parte-hartzaileagoa eraikitzea, hitzez eta ekintzez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun