Busterri Herri Antzerki Elkarteak Isuskitzaren historia kontatu zuen urrian egindako antzezlanean; izan ere, Plentziako eremu horrek hainbat gorabehera izan ditu mendeetan zehar, urbanizazio bilakatu aurretik. Azken urteotako bilakaera horren lekuko zuzena izan da Dolo Amundarain plentziarra: "Antzerkia egiten ari zirenean, Jokin de Pedro eta Jesus Serrano elkarrizketa egitera etorri zitzaizkidan, eta gero teatroan ikusi nituen nik bizi izan dotezen gauza asko".
Antzerkian azaldu zutenez, Lehen Karlistaldian Plentziak isun handia jaso zuen, eta Udalarenak ziren Isuskitzako lurrak Olagibel enpresa-gizonari saldu behar izan zizkioten. Horrek Gipuzkoako hainbat herritar ekarri zituen lurra lantzeko, eta horietako baten ondorengoa izan zen Doloren senarra: "Nire aita Sopelakoa zan, ama Plentziakoa eta etxaldea han zeukaten; aldiz, senarra Oriotik etorritako horietako bat zan".
Isuskitzak nekazaritzagaz eta basogintzagaz lotutako jardueraren pizkundea izan zuen garai horretan, kanal eta dike sistema bati esker lurrak oso emankorrak bilakatu baitzituzten. "Ekoizteko oso onak ziren begak, eta bendejan etortzen ginen batelean; txikitatik, amagaz eta ahiztegaz joaten nintzen bendejan eta esnea saltzen, oso errentagarria baitzen. Gabarrak be etxean egiten ziren, eta horiekin eramaten genuen artoa errekan gora zegoen errotara, eta etortzen ginen azokara. Anguletan ere joaten ginen, orduan ere oso preziatuak baitziren, eta auzoan eskola ere genuen", gogoratu du Amundarainek.
Isuskitza errotik aldatu zen 50eko hamarkadan, lursailak urbanizazioa egiteko saldu zituztenean: "Gure etxeak ez zirelez, jabea zen Aranburuk lurrak saldu zituenean, Plentzian etxebizitzak jarri zizkigun, edo dirua eman zigun, eta holan urten ginen handik".