Elkarrizketak

Enrique Larrabaster Zabala: "Jentiek zertako dan ikusten dabienien porta eitzen da"

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 3a

Plentziako Txikiteroen eta Iraunkor abesbatzeko abeslari beteranoena da Enrique Larrabaster. Gainera, herrian jendeak "sano asko" ezagutzen duela dio.

Plentzian bizitzaren parte gehiena egin du, tokiko Eliz plazan bere emazteagaz batera zuen Muebles Larra izeneko altzari-dendan egiten zuen lanagatik; hala ere, gorliztarra izaten jarraitzen duela dio Larrabasterrek. "Abadean etxian behean eukin izen dot denda, eta izen hori jarri genion nire emaztearen abizena izan zalako Larrazabal eta nirea Larrabaster dalako".

Kontatu duenez, herrian jendeak "sano asko" ezagutzen du, eta erretiratu ostean ere bat baino gehiago joan omen zaio altzariak eskatzen. Hala ere, orain erretiratuta dago eta, besteak beste, kantuan aritzen da Plentziako Txikiteroen taldean eta Iraunkor abesbatzan. Hala, Agate Deunaren bezperan aurkitu dugu Larrabaster, blusa, txapela eta abarkak jantzita, makila eta guzti, eskualdeko herrietan kantuan aritzeko prest; eta nola kantatu gainera!

Talde bietako beteranoena izateaz gain, sortu zirenetetik horietan dabilela diosku. Beragaz batera, alabak ere Agate Deunari abesten joan ohi direla ere kontatu du, baina deitoratu du jende gaztea falta zaiela ohituragaz jarraitzeko.

Abesteaz gain, egiten duten ibilbidea antolatzeaz ere arduratzen da: "Gehienetan neu ibiltzen naz autobuseagaz, non lotu, nora jun... Beste lagun bat euki naben, baina ha joan zan beste mundure. Biok etorten izen gara egun batzuk ariñau ikusteko non ein geuzak, non egoten dan jente gehiau, ahal dan opari guztiak eroateko, nik esaten doten moduen, Barrikeko jentieri laguntzeko".

Talde gehienak ez bezala, Txikiteroak bi egun ateratzen dira abesten: lehenik, Agate Deunaren bezperan, Urduliz, Barrika eta Gorlizetik egiten dute ateraldia, eta, Santa Ageda egunean, Plentziako kaleetan egiten dute kantuan. "Jentiek ikusten deuenien zetako dan eta zelan gabiltzezan, porta eitzen da", nabarmendu gorliztarrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun