Plentziako Udalak Bizkaibusen zerbitzu berriari alegazioak aurkezteko deia egin die herritarrei

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 14a

Alegazioak maiatzaren 22ra arte aurkeztu daitezkeela jakianarazi dute. © BFA

Plentziako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen Bizkaibuseko zerbitzu-eskaintza berriaren aurreproiektuari alegazioak aurkezteko deialdia egin die herritarrei. Besteak beste, auzoetako konexoa hobetzeko eta udan zerbitzuaren maiztasuna areagotzeko eskatu dute.

Asmoa garraio publikoa irisgarriagoa eta indartsuagoa izatea dela azaldu dute, bai udalerri mailan baita Uribe Kosta osoan ere. Parte hartu gura dutenek maiatzaren 22ra arteko epea izango dute euren alegazioak helarazteko, Aldundiaren webgunearen bidez edo Bilboko Iparragirre kaleko bulegoetan aurrez aurre.

Udalak hainbat gako identifikatu ditu garraio zerbitzua hobetzeko, eta horien artean auzo periferikoen konexioa bermatea lehenetsi du. Zehazki, gaur egun zerbitzu egokirik ez duten edo isolatuta dauden guneen konexioa, Isuskitza edo Saratxaga kasu, hobetzea ezinbestekotzat jotzen du. Horrez gain, udako denboraldian zerbitzuak eta autobus-maiztasunak handitzea ere eskatzen du, herriak garai horretan bizi duen erabiltzaile kopuruaren gorakadari erantzun egokia emateko.

Prozesu hau errazteko asmoz, Plentziako Udalak alegazio eredu bat prestatu eta herritarren eskura jarri du bere webgune ofizialean. Dokumentu hori oinarri hartuta, bizilagunek euren beharrizan zehatzak txertatu ditzakete Bizkaibusen etorkizuneko lineak eskualdeko errealitatera hobeto egokitu daitezen. Ekimen honekin bat eginez, Uribe Kostako mugikortasuna indartu nahi da, garraio publikoa benetako alternatiba eraginkorra izan dadin herri guztientzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun