Goizean egin dituzten bi elkarretaratzeetan 60 eta 40 irakasle eta zentroko langile elkartu dira beraien "babesgabetasun egoera" salatzeko. Irakurritako testuan adierazi dutenez, Plentzian eta beste hainbat zentrotan irakasleen aurkako "mehatxuak, erasoak zein umiliazioak" areagotzen ari diren bitartean, Hezkuntza Sailak "beste aldera begiratzen du edota irakasleoi espedienteak irekitzen dizkigu" Hori dela eta, egoera "zaurgarrian" daudela nabarmendu dute, "gure nerabeak hezteko gogoz" lan egiten duten arren, "oztopoak gero eta handiagoak" direlako.
Mezuaren bidez, Uribe Kosta BHIko hezkuntza-komunitateak azpimarratu du ezinbestekoa dela irakasleen segurtasuna eta babesa bermatzea eguneroko jardunean: "Hezkuntza Sailak ez gaitu babesten", salatu dute. Azkenik, azpimarratu dute mobilizazioaren helburua gertatzen ari denaren berri ematea izan dela, baita lan-baldintzak zein babes neurriak hobetzeko beharra agerian uztea.
LAB sindikatuaren salaketa
LAB sindikatuak ere bat egin du irakasleakaz eta arazo honen larritasuna azpimarratu du: "Hezkuntzako langileak arduratuta daude azkenaldian ematen ari den erasoen gorakadagatik: familia batzuen aldetik heriotza-mehatxuak, eraso fisikoen mehatxuak, salaketa mehatxuak… jasaten dituzte".
Era berean, Hezkuntza Sailaren jarrera ere salatu dute, beraien hitzetan prebentzio- eta babes-neurriak hartu beharrean, zigorrak ere ezarri dizkietelako: "Sailak langileak babesteko duen ardurari uko egiteaz gain, erasoa pairatu dezakeen langilearen jarduna zigortzeko hautua egitea ohikoa bihurtzen ari da, kasu askotan, langilea bera jasan duen erasoaren erantzule eginez".
Gauzak horrela, Hezkuntza Sailari neurri jakin batzuk hartzeko exijitu diote, hala nola prebentzio plangintzak, mediku-azterketak, azterketa psikosozialak, lanpostuen eta zentroek azterketa eta prebentzio figurei behar besteko baliabideak eskaintzea.