Plentziako Udalak Arpillaoko aparkalekua berriro zabaltzeko proiektua berreskuratu du

Ander Zarraga 2026ko uztailaren 2a

Aparkalekua 2020an itxi zuten, Arpillaoko gainontzeko lokalakaz batera. © GOOGLE

Plentziako Udalak Arpillaoko aparkalekua berriro erabiltzeko proiektua jarri du mahai gainean, 2020tik itxita dagoen azpiegitura berreskuratzeko asmoz. EH Bilduk gidatzen duen udal-gobernuaren arabera, hondartza ondoko 600 plazako aparkalekua berriro martxan jartzeak ia bikoiztu egin lezake udalerriko aparkaleku-eskaintza.

Aparkalekua duela sei urte itxi zuen aurreko udal-gobernuak, estalkian izandako ur-iragazketek eragindako egitura-kalteak argudiatuta. Ordutik, erdiguneko aparkaleku faltak arazo nabarmena sortu du Plentzian: gaur egun 700 plaza publiko inguru daude udalerri osoan, 2.000 ibilgailu erroldatu baino gehiagorentzat.

Udalak landutako proposamen berriak aparkalekua osorik konpontzea eta ondoren haren ustiapena enpresa pribatu bati lagatzea aurreikusten du. Obrak 5,5 milioi euro inguruko kostua izango luke, eta finantzaketaren zati bat plazen egungo erabiltzaileek hartuko lukete bere gain. Udal-iturrien arabera, kontzesiodun bakoitzak 6.000 euro inguruko derrama ordaindu beharko luke; gainerako plazak erabiltzaile berriei eskainiko litzaizkieke, 16.000 euro inguruko prezioan. Proiektuan parte hartu nahi ez dutenek, berriz, erabilera-eskubideari uko egin eta 3.000 euro inguruko itzulketa jasotzeko aukera izango lukete.

Proposamena auzi judizial luze baten ondoren heldu da. Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak berriki ezinezkotzat jo du 2023ko epai bat betearaztea; epai horrek Udalari aparkalekua “atzerapenik gabe” konpontzea agintzen zion, aurretik aurkeztutako proiektu baten arabera. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2024ko epai batek erabiltzaileen komunitatea eratzeko betebeharra aitortu zuen, eta kontzesiodunek mantentze, administrazio, ustiapen, aseguru eta zergei lotutako gastuak bere gain hartu behar dituztela jaso zuen. Horregatik, egungo titularrek irailaren 30a baino lehen sartu beharko dute komunitate horretan.

Legegintzaldi honetan, Udalak lau aukera aztertu dituen ikerketa bat egin du, tartean azpiegitura eraistea eta bertan dauden bost lokal publikoak bakarrik mantentzea. Hala ere, udal-gobernuak aparkalekua berreskuratzearen alde egin du, erdiguneko aparkaleku-premiari erantzuteko eta 30 urte inguruko azpiegitura bati erabilera ematen jarraitzeko. Gainera, bideragarritasun ekonomikoari buruzko bi txosten eta karbono-zuntzezko egitura-indartzeetan oinarritutako eraikuntza-proiektu berri bat landu dituzte.

Arpillaoko eraikinak, aparkalekuaz gain, hainbat elkartek erabiltzen dituzten lokalak ere hartzen ditu. Udalak azaldu duenez, Plentziako Itsas Estazioagaz, PiE-EHUgaz, lanketa egin dute eraikinaren goiko aldean erabilera zientifikoak eta ekonomia urdinari lotutako jarduerak garatzeko aukerak aztertzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun