Arpillaoko aparkalekua partzialki konponduko dute, lau urte baino gehiago itxita egon ostean

Ander Zarraga 2025ko urt. 3a, 09:44

Plentziako Udalak aparkalekua berriro irekiko duela berretsi du, baina hasieran planteatutako 3 milioi euroko erreforma integrala baztertu egin dute; horren ordez, 2023ko epai judizialak agindutako 600.000 euroko aurrekontua izango dute lanek. Duela gutxi, eraikin berean dagoen Danontzat gaztetxeak ere ateak ireki zituen lau urteren ostean.

Arpillaoko gainontzeko lokal guztiak bezala, aparkalekuak 2020tik darama itxita, baina, abenduan, Udalak azpiegituran konponketa partzialak egingo dituela iragarri zuen, 2021ean igorritako txosten tekniko baten arabera obrak egitera behartzen duen epai judizial bati jarraituz. Esku-hartzearen kostua 600.000 eurokoa izango dela ere zehaztu zuten, nahiz eta EH Bilduk gidatutako Udalaren hasierako proposamenak 3 milioi euroko esku-hartzea proposatzen zuen.

"Filtrazioek eragindako egituraren arazoak" argudiatuta, 2020an EAJren aurreko gobernu-taldeak aparkalekua itxi zuen. Horren eraginez, aparkalekuak esleituta zituzten 600 erabiltzaile baino gehiago aparkaleku gabe utzi zituzten, berez aparkaleku-arazo larriak dituen udalerrian.

Horri erantzunez, 2022an, emakidadunak defendatzen zituen elkarteak epaitegietara jo zuen Udalaren isiltasun administratiboa salatzeko. 2023ko martxoan, epaitegiek arrazoia eman zien, eta Udalari konponketei erantzuteko agindu zion.

Asmo handiko egitasmorik ez

2024ko udal-hauteskundeetan EH Bilduk bereganatu zuen Plentziako Udalaren gidaritza eta, besteak beste, Arpillaoko aparkalekua berritzeko anbizio handiko proiektua egin ahal izateko helegitea jarri zion epaiari. Horren arabera, 3 milioi euro inguru inbertitu gura zituzten lurpeko aparkalekuaren birgaitzeko eta lur gaineko inguruaren berrantolaketarako. Hala ere, Udalak jarritako errekurtsoa atzera bota zuten eta lanak konponketetara mugatu behar izan dituzte.

EH Bilduren ustez, epaiak "ez die behar bezala erantzuten ez inguruaren ez eraikinaren beharrei", zaharkituta egon daitekeen txosten tekniko batean oinarritzen baita. Eraistea bezalako alternatibak aztertu arren, gobernu-taldeak ebazpen judiziala betetzea erabaki du, lege-kostu handiagoak saihesteko eta zentroko plaza-falta arintzeko.

Erabaki horregaz, aparkalekua laster berriro martxan jartzea espero dute, Plentziako bizilagunentzako eta bisitarientzako zalantzazko aldi luze baten amaiera markatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun