EH Bilduk Espainiako Gobernuaren Kostaldeen Zuzendaritzari egotzi dio Plentziako pasealekuko lanak oraindik egin ez izana

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 20a

EH Bilduk Udalak daborduko azalpenak eman dituela nabarmendu du.

Zer gertatu da Plentziako pasealekua hobetzeko iragarritako 200.000 euroko inbertsioagaz? EAJk galdera hori mahai gainean jarri ostean, EH Bilduk bere bertsioa eman du, eta Espainiako Gobernuaren Kostaldeen Zuzendaritzan kokatu du arazoaren jatorria.

Alderdiak azaldu duenez, Kostaldeen Zuzendaritzak 200.000 euroko dirua Geltokiko zubiaren eta portuaren arteko pasealekuan egin beharreko konponketa-lanen proiektua idaztera bideratu zuen. Proiektua, gainera, 2024ko martxotik idatzita dagoela dio EH Bilduk. Hala ere, ordutik ez da hurrengo pausorik eman: "Ez dago bere lehentasunen artean proiektua onartzea eta obrak gauzatzea".

EH Bilduk azpimarratu du egoera hori ez dela berria eta gaiaren inguruko azalpenak aurretik ere eman dituztela. Apirilean, gobernu-planaren betetze-mailaren berri emateko argitalpenean jaso zuten auzia, eta ondoren egindako bi herri-bileretan ere azalpen gehiago eman dituztela diote.

Gainera, koalizioaren arabera, apirilean Kostaldeen Zuzendaritzagaz egindako bileran ere izan zuten proiektuaren egoeraren berri, eta bertan udaleko alderdi politiko guztiak egon ziren, EAJ barne. Horregatik, EH Bildu kritiko agertu da jeltzaleek orain azalpenak eskatu izanagaz, eta "tantua apuntatzeko" asmoz ari direla leporatu die.

"Madrilek ez du bere hitza betetzen"

EH Bilduren arabera, beraz, pasealekua hobetzeko proiektua eginda dago; falta dena obrak martxan jartzea da. Horren ardura Estatuko administrazioari egotzi dio koalizioak: "Madrilek ez du bere hitza betetzen".

Adierazpen horiek EAJk aurreko egunetan egindako kritikei erantzuten diete. Jeltzaleek azken osoko bilkurara eraman zuten gaia, eta Udal Gobernuari eskatu zioten argitzeko zergatik ez den gauzatuko iragarritako 200.000 euroko jarduketa eta zer aukera dauden proiektua behin betiko bidean gera ez dadin.

EH Bilduk, aldiz, Udalak daborduko azalpenak eman dituela nabarmendu du eta proiektua aurrera eramateko hurrengo pausoa Espainiako Gobernuaren Kostaldeen Zuzendaritzaren esku dagoela. Alderdiak Estatuko Gobernuaren jarrera kritikatu du, eta egoera baliatu du bere aldarrikapen politikoa berresteko: "Horregatik guk euskal estatu propio bat aldarrikatzen dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun