Ikasturtea hasi aurreko egunetan, Plentzia Eskolako familiek kezka agertu zuten ordura arteko lau autobus-zerbitzuetatik bi kentzeko erabakiaren aurrean. Familiek egindako presioak eragina izan duela dirudi; izan ere, azkenean, Bizkaiko Hezkuntzako ordezkariak lau zerbitzuak mantentzeko konpromisoa berretsi du, eta, une honetan, hori gauzatzeko beharrezko kudeaketak egiten ari direla azaldu dute eskolatik.
Hala ere, ikasturtea astelehenean hasi zen, eta egun horretan autobusen kontratazioa kudeatzeko tarterik ez zegoela salatu dute. Gainera, bi autobus horietako begiraleak kaleratu zituzten jada, eta berriro kontratatzeko geltoki eta umeen zerrenda landu behar omen dute. Egoera horretan, atzo, begiraleen enpresak adierazi zuen Hezkuntzaren aginduaren zain jarraitzen zuela begiraleak kontratatzeko; beraz, gaur, umeek ez dute autobusa erabiltzerik izango.
Familiek salatu dutenez, atzo, bertan behera geratutako lineetako autobus batek ibilbidea egin zuen, baina begiralerik ez zegoenez, behar bereziak dituen ume bat baino ez zuen jaso, ume horrek begirale propioa zuelako; hau da: autobusak ibilbide osoa egin zuen ume bakar bategaz.
Azkenean, Plentzia Eskolak lau autobus-zerbitzuak mantentzeko Hezkuntza ordezkariaren baiezkoa jaso du, eta zerbitzua martxan jartzeko kudeaketak egiten ari direla baieztatu dute; baina erabakia berandu heldu dela salatu dute. Gutxienez, familiek egindako aldarrikapen nagusiari erantzuna emango zaiola aurreikusten da.