Testuak proposatzen zuen Udalak gaitzestea Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi gazte sei urteko espetxe zigorrera kondenatu izana, eta gazte horien "berehalako askatasuna" eskatzen zuen. Era berean, Eusko Jaurlaritzari "arduraz eta erantzukizunez" jokatzeko eskatzen zion, eta Ertzaintzari "salbuespeneko jarrerak" bertan behera uzteko. Idatziak gogoratzen zuenez, egoera hori salatu eta irtenbidea emateko asmoz, 10.000 pertsona inguru bildu ziren domekan Gasteizen eskubide zibil eta politikoen alde burututako manifestazio nazionalean, eta ehunka gaztek auzipetuak babesteko Aske Gunea osatu zuten.
Astelehenean bertan, 09:00ak aldera, Ertzaintzaren 25 bat furgoneta Aske Gunera iritsi eta Gasteizko plaza esanguratsuena hartu zuten. Herri Harresia husteko behar izan zituzten ia lau orduetan, Ertzaintza gazteen aurka "era oso bortitzean" oldartu zen, EH Bilduk mozioan salatu zuenez. "Ehun gazte baino gehiago izan ziren zaurituak eta hogei inguru atxilotuak", gaineratu zuten. Tartean, Itzubaltzeta / Romoko bi lagun harrapatu zituzten.