Epailearen berbetan, Iparragirrek agindu zion Polori Cortizoren hilketa. Iturri berberen arabera, Donostiatik Leonera garraio publikoan bidaiatu omen zuen preso politiko sopeloztarrak. Bertan, Armadako komandantea zelatatu ei zuen eta auto azpian lehergailua jarri omen zion. Militarra hil eta bere alaba zein beste lau pertsona zauritu ziren atentatu hartan.
1999an atxilotu zuten
Sergio Polo Escobes sopeloztarra 1999ko martxoan atxilotu zuten, ETAren Donostia komandoko kidea izatea leporatuta. Polori hainbat espetxe zigorra ezarri zioten, besteak beste, 1993ko martxoan Donostian Emilio Castillo Lopez de la Franca guardia zibilaren hilketan parte hartu zuelakoan, 48 urtekoa. Ordutik sei kartzeletatik igaro da, eta denak Euskal Herritik urrun: Valdemoro eta Alcala (Madrilen), Texeiro (Galizian), Picassent (Alacanten), eta azken biak, Kordoba eta Algeciras (Andaluzian). Algecirasko Botafuego espetxean jarraitzen du, Sopelatik 1.060 kilometrora.