Udarako 12 lagun kontratatuko ditu Sopelako Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 8a, 12:00
Hondartzak garbitzeko lagunek bila dabiltza. ASIER SARASUA ARANBERRI

Sopelako hondartzetako komunak eta dutxak garbitzeko 12 lagun (koordinatzaile bat eta 11 garbitzaile) kontratatu gura ditu Udalak, aurtengo udaldirako. Agintari sopeloztarrek gaineratu dutenez, kontratuak lau hilabeterako izango dira. Hala, beharginak hautatzeko prozesua hastea eskatuko diote Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari.

Hautaketan parte hartu ahal izateko, garbitzaile izan gura dutenek 16 urtetik 65 urtera artekoak izan beharko dute; gutxienez, 6 hilabeteko esperientzia eduki beharko dute garbitze-lanetan; eskola-ziurtagiria edo baliokidea aurkeztu beharko dute; eta, azkenik, oinarrizko euskara-ezaguerak (PL1) frogatu beharko dituzte. Koordinatzaile-gaiei ere antzeko baldintzak ipini dizkiete. Esan barik doa kategoria bietako hautagaientzat ezinbestekoa izango dela enplegu-eskatzaile legez izena emanda egotea Lanbiden: "garbiketa-langileak, edo, oro har, garbitzaileak" okupazio-kodean. Lanbideren bulegoetan ez ezik, Behargintzan ere egin daiteke okupazio-kode horretan inskribatzeko eskaera, udal iturriek adierazi dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun