Elkarrizketak

Maddi Torre: "Orain Kopa irabaztea da hurrengo helburua"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko eka. 13a, 12:28

Maddi Torre.

Maddi Torre Larrañaga Athleticeko erdilariak Espainiako Liga irabazi du, 20 urtegaz. Donostian jaioa, sopeloztarra da; Bizkerren jokatu du, eta Medikuntza ikasten dabil.

Lehenengo eta behin, zorionak.

Eskerrik asko!

Zelan sentitzen zara, futbol-liga irabazi ostean?

Egundoko pozaz. Hain gaztea izanda horrelako kontu bat lortzeak, egia esanda, meritu handia dauka. Taldea ere oso pozik dago: kristoren garaipena izan da. Asko kostatu zaigu, baina gura genuena iritsi zaigu.

Milaka zalek [33.000 baino gehiago] eskatu diote klubari gabarra atera zedin. Zer deritzozu?

Guk egin behar genuena egin dugu: liga irabaztea, eta txapeldun ligan sartzea, gainera. Gabarrarena ez da guk erabaki dezakegun kontu bat, eta klubak egiten du guretzat onena dela uste duena.

Klubak erabakitakoagaz bat zatoz?

Esan dudanez, ez da guk erabakitzen dugun kontua. Guk futbolean jokatzen dugu; hortik aurrera klubak erabakiak hartzen ditu, lortu ditugun emaitzen arabera.

Maddi Torre eta Garazi Murua Ligako ospakizunetan. © ATHLETIC

Zer iruditu zitzaizun Joseba Agirre zuen entrenatzaileak prentsaurreko bat bertan behera utzi behar izana kazetariok ez ginelako agertu?

Oso gaizki. Guk egunero egiten dugu gure lana, ahalik eta hoberen; geneukan partida garrantzitsu haren aurretik kazetaririk ez egoteak min handia eman zigun, egia esanda. Ez da ulergarria, baina ez dugu haserretu gura; hori daborduko pasatu da, eta uste dut ohartarazpen baliagarria izan dela kazetarientzat.

Bizkerreko jokalari ohi legez, zelan ikusi duzu taldea Euskal Koparen atarian geratzea?

Nik esperantza neukan finalera iritsiko zirela, baina 1-0 galdu zuten Eibarren, eta, beraz, atarian geratu dira. Baloratu egin behar da egin duten denboraldia: oso ona izan da, nahiz eta beste bi talde apur bat hobeto ibili diren. Kopan ere, kanpoan utzi dituzte talde garrantzitsuak. Beraz, oso denboraldi positiboa izan da.

Amaia Olabarrieta eta Saioa Gonzalez Bizkerreko eta Athleticeko beteranoek futbol profesionala utzi behar izan dute, lesioak direla-eta. Zer esango zenieke?

Zortea izan dut, eta ikono bi horiekaz pasa ahal izan ditut hilabete batzuk aldagelan. Mirestekoa da egin duten lana. Bueltatzeko gogo handia zeukaten, baina, zoritxarrez, ezin izan dute lortu. Ni miraz nago euren beharragatik, eta pena handiz agurtuko ditut. Hain gaztea izanik eta hainbeste kontu ikasteko dut oraindino; atsekabetuta nago ezin izan dudalako eurakaz, behintzat, denboraldi oso bat disfrutatu, badakidalako oso futbolari onak izan direla.

Zeintzuk dira zeure buruari ipini dizkiozun hurrengo erronkak?

Gustatuko litzaidake Athleticegaz den-dena irabaztea. Posible bada, orain Erreginaren Kopa irabazi gurago nuke, lehenengo aldiz. Klubak inoiz ez du Kopa irabazi, atarian gelditu da birritan, baina ez du irabazi, eta, halandaze, helburua, epe laburrean, Kopa irabaztea da. Tarte luzeagoei dagokienez, hurrengo urteotan ikusiko dugu nola doan kontua.

Athleticek Amaia Olabarrieta eta Saioa Gonzalez jokalariei egindako omenaldiaren irudi bat. © ATHLETIC
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun