Pirata zuhurrak edo egoskorrak legez, Sopelako eta Larrabasterrako Jai Batzordeak ondo gordeta dauka bere altxorra: aurtengo sanpedroetarako zer-zelako egitaraua prestatu duen ez dago jakiterik, domeka honetara arte, behintzat.
Hala, hilaren 19ra arte ez dago ezertxo ere iragartzerik; jakiteko gogoz daudenei egun horretako eguerdiko 12:00etan udaletxe aurreko plazara bertaratzeko deia egin die Sopelako eta Larrabasterrako Jai Batzordeak: "Sopelako elkarte eta herritar guztiak udaletxera etortzera gonbidatzen zaituztegu". Jaien egitaraua ezagutarazi, kartel irabazlearen sari-banaketa egin eta beste hainbat ekintza iragarri ditu aurkezpen-ekitaldi horretarako jai-batzordeak: "herriko elkarteak ere izango dira ekitaldian, eta jaiak sustatzeko argazkia aterako dugu; erdu zuen kamiseta edota elkarteko apaingarriren bategaz eta jaietako zapiagaz". Aurten pregoia nork edo zein taldek irakurriko duen oraindino ezkutuko sekretua bada ere, jaiak ekainaren 28an hasiko direla ondoriozta daiteke, segurutik; izan ere, kartel-lehiaketaren eskakizunetan adierazten da kartelean agertu "beharreko testua" dela "San Pedro ekainak 28tik uztailak 3ra". Horrenbestez, gehiago jakiteko irrikan dagoenak badaki nora jo: udaletxeko plazara, domekan, eguerdiko 12:00etan.
Bestalde, ezin gogoratu barik utzi, azkenengo urteetako joan-etorrien ostean, aurten txosna-gunea Loroño kalean bertan lekutu dutela: Akilino Arriola kaletik abiatuta, udaletxearen ondoan. Jauregizar plazako lanak direla-eta, aurten, txosnak leku horretan ipintzea adostu dute Udalak eta jai-batzordeak, beste zenbait kokagune aztertu eta gero.
Hurrengoak, Karmen jaiak
Kartel-lehiaketako baldintzei jarraituz, Karmen jaiak uztailaren 14tik 17ra bitartean ospatuko dituzte Larrabasterran. Horien egitaraua ere hurrengo domekan aurkeztuko du jai-batzordeak. Azkenik, Santa Marina eguna uztailaren 20an ospatuko dute sopeloztarrek. Kartel-lehiaketaren lan denak Kurtzio Kultur Etxean egongo dira ikusgai uztailaren 3ra arte.