Bost urte beteko dira kuadrillen arteko txapelketa martxan jarri zutenetik; Sopela eta Larrabasterrako Jai Batzordeak adierazitakoaren arabera, aurten adin guztietako 24 lagun-taldek parte-hartuko dute sariketan. Gaineratu dutenez, "inoiz baino sailagoa izango da makila irabaztea"; proben artean, sorpresak egongo dira.
Haurrentzako jarduerei dagokienez, "Txosnak abordatzera!" ekimena (talo-tailerra, graffitiak, apainketa...) egingo dute San Pedro jaietan, goizetan txosna-gunea umez betetzeko asmoz. Bestalde, gazteek gune berezia ("bike extreme", "big baller" puzgarriak, futbolinak...) edukiko dute Gernika plazan. Karmeneko jaiei dagokienez, kalejira koloretsua antolatu dute, ospakizunei hasiera emateko. Horrez gainera, aurten ere kanpaldi familiarra prestatu dute; ume eta gurasoek Iberrota plazan jarriko dituzte kanpin-dendan, elkarregaz gau zoragarria igarotzeko asmoz. Biharamunean, gosaldu eta, jarraian, ipuin-kontalari bategaz hasiko dute eguna. Patinete-ibilaldia ere egingo dute, kanpaldi-gunetik Urgitxieta plazara.
Arlo gastronomikoan, Paella Txapelketa egingo du lehenengo urtez Marmiton Kolektiboak, sanpedroetan. Karmenetan, berriz, txiki-txef gunea jarriko dute haurrentzat. Bertan, txikiek egindako txokolatezko taloak eta gozokiak dastatzeko aukera egongo da.
Kontzertuei dagokienez, egunero, herriko zein eskualdeko musika-taldeek joko dute, banda entzutetzuagoakaz batera.
Jaietako liburuxka