"Jaietan ere egoera oso larriak gertatzen dira: bortxaketa-saiakerak, abusuzko egoerak sexu-harremanetan, eraso fisikoak, eta abar. Oharkabean pasatzen zaizkigun egoerak ere daude, jaiakaz guztiz normalizatzen ditugunak, baina emakumeen askatasuna urratzen dutenak: besteak beste, ahozko gehiegikeriak (komentario sexistak, gutxiesgarriak, uzkurgarriak...), gehiegikeria fisikoak (ukituak, bestearen espazioaren urratzea ligatzerako orduan...)", azaldu dute udal iturri sopeloztarrek.
Jaiak modu positiboan bizitzeko, sexu-eraso eta jarrera matxistarik gabeko festak edukitzea "guztion erantzukizuna" dela uste dute. "Gertaera txikienen aurrean erantzuten badugu, muturrekoagoak diren egoerak prebenitzen lagunduko dugu. Beraz, jaietan sexu-eraso edo jarrera matxistarik ikusiz gero, beste aldera ez begiratzeko eta aurre egiteko deia luzatzen dugu; hau da, zure Beldur Barik jarrera adieraztea", diote Sopelako Udaletik.
Horretarako, mutilen erantzuna "funtsezkoa" dela gogorarazi dute; "erasoen konplizea" izateari uzteko eskatu diete horiei.
Zelan jokatu eraso sexista edo sexuala gertatu denean?
Erasotua izan den emakumeagaz berba egin: erabakia beti da berea. Berak aukeratu eta erabaki behar du zer egin.
Baliabideez informatu: eskura dauzkan baliabide ezberdinez informatu.
- Udaltzaingoa: Berango (946 682 933 / 652 772552), Gorliz (946 770 000), Plentzia (946 773 310), Sopela (944 065 511).
- Ertzaintza: 112
- Berdintasun Zerbitzua: Gatzarriñe, 4-48600 Sopela, 946 579 282, berdintasuna@uribekosta.org.