Halere, Karmengo jaietan hartutako beste prebentzio-jarduerak eta arau-hausteak ekiditeko neurri denak ez ziren bukatu komisariaren ziegan. Adibidez, Sopelako Udaltzaingoak beste hiru pertsona salatu zituen, marihuana edo haxixa bezalako substantzia estupefazienteak kontsumitu zutela egotzita. Era berean, hamabost adingabeko identifikatu zituzten alkoholdun edariak kontsumitzea leporatuta: edariak konfiskatu zizkieten eta gurasoei jakinarazpena postaz bidali zieten. Aurreko urteetan telefonoz zuzenean ematen zieten gertatutakoaren berri gurasoei.
Bestalde, pertsonen osasuna bermatzeko hamar bat jardueratan parte hartu zuten tokiko poliziek, hala nola, bihurrituak, zauriak, kontusioak eta antzeko gertaeren aurrean, osasun-langileakaz elkarlanean jardun zuten, eta batzuetan kaltetuak ospitalera eroan behar izan dituzte.
Azkenik, datu positibo gisa, Sopelako Udaltzaingoak azpimarratu du zapatuan, "jaietako egun nagusian, jendetza handia bildu" zela, "garraio publikoaren bidez heldutako bisitari-kopurua nabarmen igo baitzen". Udaltzainek egindako edukieren estimazioaren arabera, 1.500 eta 2.000 pertsona artean metroz heldu ziren uztailaren 16 eta 17 bitarteko gau eta goizaldean, Larrabasterrako metro-geltokira.