Sopela.net agerkariak izenik eman ez duen arren, dirudienez Jon Andoni Gerediaga Bilbao zinegotziaz berba egiten dabiltza; bera da Denok Batera taldeko bozeramailea Sopelako Udalean. Gauzak horrela, ekaineko Turismo Batzordean TAOren bulego berriei buruzko azalpenak eskatu zituen EH Bildu koalizioak. "Ez genuen erantzunik jaso, are gutxiago DB-Podemos taldeko zinegotziaren partez; ez zuen inolako azalpenik eman, berea den lonja bati buruz berba egiten egon arren".
"Herritarrek ez dute horrelako informaziorik euren eskura. Demokrazia- eta gardentasun-lezioak ematera zetozela esaten ziguten; politika eta erakundeak herritarren esku berriro jartzera zetozela ere bai", aurpegiratu dio EH Bilduk Denok Baterari.