EH Bilduko zinegotzi Ander Morenok Sopela.net agerkarian argitaratutako artikuluan adierazi du skate-parkearen proiektua "azkenean gauzatu izana poztekoa" bada ere, "gauzak hobeto egin daitezkeela". Gogora ekarri du "skate-parkeak zenbait aldaketa izan dituela, jatorrizko egitasmoari dagokionez": DownHill2 jaitsiera eta harmailak zein jesarleku batzuk jasotzen zituen. Morenok dioenez, horiek ez egiteko "arrazoi teknikoak daudela argudiatu dute, eremuan hobeto integra dadin skate-parkea". Proiektuaren aldaketa horiei dagokienez, "horien arrazoia dira egindako diagnostiko teknikoak, aurreko gobernuak aukeratutako teknikariak berak egindako aldaketetan edo ezeztatutakoetan oinarritutakoak. EH Bilduren aurreko gobernuak proiektuari jarraipena egiteko kontratatu zuen arkitekto berak egindako txosten tekniko bat kontuan hartuz erabaki zen Downhilla ez egitea , skatelarien segurtasuna zalantzan ipintzen baitzuen txosten hark", azaldu du EAJ buru duen gobernu-taldearen gaur egungo alkate Gontzal Hermosillak.
Kontua da skate-parkearen proiektu hori sortu zela berori lekutzen den Ingesta ingurua berreskuratzeko egitasmoagaz batera, eta "bien bat egiteak aisialdirako esparru zabalago bat lekarkeela", EH Bilduko zinegotziaren esanetan. Egitasmo hori 2015ean Sopelako Udaleko buru zen EH Bilduren gobernu-taldeak aurkeztu zuen, eta, gaur egun, hori gauzatzeko ardura Udaleko EAJren gobernu-taldeak dauka. Horrez gainera, Morenoren ustez skate-parkearen inaugurazioa "neurri batean, lar arin" egin dute, "aldaketen ostean, egin duten bakarra skate-parkearen bainuontziak direlako; ez dute Ingestan integratu, hau da, ez dute ingurua egokitu". Zalantza agertu du EH Bildukoak: "paperontziak" ipiniko ete dituzten eta "atseden hartzeko lekuren bat" egongo ete den galdetzen du, "harmailak eta aulkiak proiektutik kendu ostean". Hermosillak adierazi duenez, "udal-erakundearen ardura den heinean, Sopelako Udalak legeak ezarritakoa bete du, EH Bilduk bere gobernu-aldian lizitatu zuen proiektua gauzatuz. Proiektu horrek ez zeuzkan skate-pistaren ingurua egokitzeko fase gehiagorik; horregatik, gaur egungo gobernu-taldeak proposatu behar du inguruaren egokitzapen hori, EH Bilduren aurreko gobernuak planifikatu ez zuena. Ingurua ekipamendu osagarriakaz (jesarlekuak, paperontziak, sarrerak hobetzea,…) hornitzea proposatuko du Udal honek, amaitu bako eta txarto planifikatutako proiektua osatzeko".
Egitasmoa gauzatzeko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso zela, eta horrek ezarritako epean egingo ete duten ere duda du Morenok. Koalizioaren zinegotziaren esanetan, "beste behin ere, atzeratuta doaz". Amaitzeko, EAJko alkateak laburbildu duenez, "skate-parkearen ingururako orain proiektu bi martxan daude: bata, Ingesta gunearen ingurumena berreskuratzekoari dagokiona; bestea, skate-parkea hiri-altzariz hornitzeari lotutakoa".