Sopelako EH Bilduk aurkeztutako mozio bi galde-eskeen txandara mugatu ostean, urgentziazkoak izango balira bezala jorratzea debekatu zuen Gontzal Hermosilla alkateak, atzoko udal-batzarrean, koalizio ezkerzaleak azaldu duenez. Horren aurrean, EAJko agintariaren jarrera kritikatu zuen talde horrek, osoko bilkuran: "gai hauek ez eztabaidatzeari lehentasuna eman dio alkateak, zinegotzien parte-hartzea hertsatuz", esan zuten EH Bildukoek. Koaliziokoek emandako argudioei erantzunez, "gezurti batzuk dira" esan zuen Gontzal Hermosillak, Sopela.net agerkari digitalean irakur daitekeenez. EH Bilduko bozeramaileak esandakoa zuzentzeko eskatu ei zion alkateari birritan, eta agintariak ez omen zuen atzera egin. Ondorioz, EH Bilduko eta Orain Sopelako ordezkariek udal-batzar aretoa utzi zuten, Manuela Ruiz talderik gabeko zinegotziagaz eta hurbildutako herritarren zati handi bategaz batera.
Elektrizitatearen hornitzailea aldatzeko eta paperaren zein kartoiaren bilketa hobetzeko aurkeztutako proposamenak ezin izan zituen eztabaidatu Sopelako EH Bilduk, atzoko udal-batzarrean. Horren ordez, galde-eskeen txanda Gontzal Hermosilla EAJko alkatearen erabakia kritikatzeko erabili zuen koalizio ezkertiarrak. EH Bildukoek argudiatu zutenez, "mozio biak gai-ordenaren atal erabakigarritik ateratzea bermatzen duen txosten juridikoa urtarrilaren 30ekoa da; daborduko urtarrilaren 26an gai-ordena idatzi zuen alkateak, proposamen biak baztertuz". Sopelako EH Bilduk txosten-juridiko horren argudioa zalantzan ipini zuen; euren berbetan, "ez zuen proposamena bere osotasunean aztertzen".
Sopelako EH Bilduren arabera, "ez da lehenengo aldia" alkateak oposizioko zinegotziei "gezurti" deitzen diena; "udal-batzarretako batean ikusleen artean zegoen herritarretako bat iraintzera iritsi zen", azaldu dute.