Euren ustez, "zati bat oinezkoentzat ipintzea ideia ona da; baina, trafikoaren egoera eta beste aukera batzuk kontuan hartu barik egiteak arazo handiak ekarriko dizkigu". Besteak beste, Urdulizko ospitaleak erakarriko duen ibilgailu-kopurua berbabide daukate alde horretakoek. Horregaz lotuta, "trafikoaren aukeren inguruko ikerketa bideragarri eta fidagarri bat" eskatu dio Denok Batera alderdiak Udal-Gobernuari.
EH Bilduk erantzun dienez, "ikerketa bi egin dira egitasmo hau gauzatzeko: aurreko legegintzaldian, alkatetzan geundela, Hiriduna arkitektura-enpresak ikerketa eta proiektua egin zituen; eta, orain, EAJk eskatuta, trafikoari buruzko ikerketa egin du Leber enpresak". Guillermo Vio EH Bilduren bozeramailearen arabera, "hirugarren ikerketa bat egiteak ez dauka zentzurik". Urdulizko ospitaleko sarbideei dagokienez, “errepide horiek foralak” direla nabarmendu dute koaliziokoek; horrenbestez, "Aldundiagaz akordioa lortu ezean, Sopelako erdigunea ezin da urteetan autoen menpe egon", bere ustez.
Gontzal Hermosilla alkateak ez du adierazpenik egin gura izan, gai horren inguruan.