Udako jaiak 2017

Katigatuak kuadrilla: "Pasa den urteko erakustaldia gainditzea oso zaila izango da"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko eka. 17a, 11:00

Katigatuak kuadrilla iaz, garaipena ospatzen. © KATIGATUAK

Katigatuak kuadrilla sopeloztarrak herriko jaietako txupina jaurtiko du aurten. Iazko kuadrillen txapelketa irabazi zuten, jaitsierarako egin zituzten mozorro ikusgarriei esker. Herriari bizitasuna emateko konpromisoa berretsiko dute aurten ere, beste 25 bat kuadrillakaz batera. Festak barrutik bizitzera gonbidatu dituzte oraindino hala egin ez dutenak.

Katigatuak kuadrillako kide gehienek txokoan barrena ematen dute denbora gehien egunotan, jaietako mozorroak eta probak prestatzen. 24 eta 28 urte bitarteko gazteek lanak banatu, eta Eiharne Pardo Martínez aukeratu dute bozeramailetzat elkarrizketa honetarako, taldeko kide gazteena da bera.

Sopelako jaietako kuadrillen txapelketa irabazi zenuten joan den urtean. Zein da zuen sekretua?

Pasa den urtean, mozorroetan egon zen gakoa. Kristoren lana egin genuen horretan. Berez, ikuskizuna ez genuen ezertxo ere landu: egun bi lehenago bildu ginen eta gainetik jorratu genuen. Egin baino egun bat lehenago ipini ginen serio, baina ez genion ezta buelta bakar bat ere eman. Berez, nik ia nire pausoak ere ez nekizkien. "Atera beharrekoa atera zedila" izpirituagaz joan ginen.

Zelangoak izan ziren jaietarako prestatu zenituzten mozorroak?

"El rey León" musikala hartu genuen eredu, eta ahalegindu ginen musikalean agertzen diren mozorroak egiten; hortaz, kide bakoitzak mozorro bana izan zuen. Adibidez, maltzurrak hiru baziren, bada, bakoitzak pertsonaia bana zeukan. Ahalegindu ginen pertsonaia bereziak sartzen.

Gai hori jaitsieran erabili zenuten?

Bai, hori da. Mozorroak horiek izan ziren eta ikuskizunerako musikalaren moldaketa bat edo egin genuen, filmaren zenbait eszena hartuta.

Zenbat kide zarete kuadrillan?

Hogeita… asko. Ez dakit zenbat zehazki. Berez, 30 inguru, baina jaietan parte hartzen dugunok ez gara hainbeste, jaietan hogeita gutxi edo gara.

Asko izateak abantaila eman zizuen?

Ez, asko izateagatik ez. Batez ere izan zen jendeak halako mozorroak ikustean hartu zuen harriduragatik. Kanpotik ikusi izan banu ere esango nuke "buah, zer landuta dagoen!". Jende askok esan zigun oso ondo egon zela.

Lehenengo proba da jaitsiera. Posizioari eutsi behar izan zenioten...

Bai, hurrengo egunetan ez geunden oso ziur: probak egin genituen, baina egiteagatik; daborduko pozik geunden egindako jaitsieragatik eta horregaz dagoeneko konforme geunden.

Zein izan zen probarik zailena?

Zailena ez, baina gehien landu beharrekoa tortilla- eta sangria-txapelketa.

Ez da izango! Benetan?

Kontua da goiz egon beharra dagoela, eta tortilla prestatzean adi egon beharra dagoela ere, patata zartaginean itsatsi ez dadin...

Eta zailtasuna edo traba zein da? Aurreko gaueko parranda?

Hori da! Txapelketan bertan egon nintzen patatak mozten eta gazta ipintzen. Beste zerbait egin izan banu, agian, ez genuen jango, ezta aurkeztu ere! kar, kar, kar…

Kuadrillan, zenbat urte daramazue?

Urte-piloa! Udaleku batzuetan osatu zen kuadrilla, elkartzen hasi ziren, eta, apurka-apurka, handitzen joan gara.

Zergatik aukeratu zenuten Katigatuak izena?

Kuadrillen txapelketara aurkeztu ginen lehenengo aldian, egun asko eman genituen pentsatzen: "egin behar dugu jaitsiera, izen bat behar dugu…" eta, azkenean, kuadrillako batek bota zuen: "Katigatuak". Eta horrela geratu zen.

Noiztik parte hartzen duzue kuadrillen txapelketan?

Orain dela lauzpabost urte hona, jaitsierak nagusiakaz egiten hasi zirenetik, hain zuzen ere.

Aurten, zein da zuen asmoa?

Kuadrillakoak hor dabiltza orain, txokoan, dena egiten, kar, kar, kar! Hor ikusiko da: agian ez da izango joan den urtekoa bezain landua, edo bai, ez dakigu. Baina, pasa den urtekoa gainditzea oso zaila izango da.

Epaile-taldean eroskeria egiterik badago edo guztiz zorrotzak dira?

Ez! Horrelakorik ez dago, ez. Gainera, aurten badira parte hartzen ez duten kuadrillak, "jubilatu" egin direnak, eta haiek egingo dituzte epaile-lanak. Haiek inork baino hobeto dakite zer lan dagoen hor atzean, zenbat denbora eman behar den kontu denak prestatzeko eta abarretarako.

Kuadrillek jaietan bizitasuna ematen diote herriari, eta jai-batzordeko lanak bideratzeko ere bertan izaten dira. Zuek bazaudete hor?

Ez, gu zuzenean ez gaude jai-batzordean. Baina hor dago Sopelako Kuadrillen Koordinakundea, eta horren bidez ateratzen da zer egin jaietan; berbarako, jokoak kuadrilla denen artean adosten ditugu eta, ondoren, SKK-k eroaten ditu jai-batzordera.

Maiatzean egin zenuten herrian Kuadrilla Eguna; zelan pasa zenuten?

Oso ondo! Ni lanean nenbilen eta berandu heldu nintzen, baina esan zidaten dena ondo joan zela. Zelai errean jolastu ziren eta txapelketa antolatu dute kuadrillen artean, denbora pasatzeko eta aste-akabuetan zerbait egiteko. Bestalde, hasieran 15-16 kuadrilla zeuden eta nabaritu da asko igo dela parte-hartzea. Hori oso ona da herriarentzat. Giro hobea dago, ikusten da jendea prest dagoela kuadrillagaz aurrera egiteko jaietan. Eskertzekoa da beti berdinak ez egotea. Gainera, gazteek beste bizitasun bat ematen dute.

Jaietan barrutik parte hartzen ez dutenei zer esango zeniekete?

Animatzeko, alde handia dagoelako jaietan egotearen eta parte hartzearen artean. Beste modu batean ikusten da dena. Oso ondo pasatzen dugu, zereginak ditugu… Ez da bakarrik festa egitea edo 19:00etan irtetea ea zer dagoen ikustera. Giro erdian gaude, besteakaz hartu-emanetan. Oso giro bizia da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun