Urdulizko ospitalerako errepidea egiteko prozesu parte-hartzaileak eztabaida eragin du Sopelan

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 21a, 12:28

Errepidea egitearen "egokitasuna" azaldu die Udalak herritarrei.

Olabideko industrialdearen eta Osteikoko etxebizitzen gunearen artean, bide bat egiteko asmoa agertu du Sopelako Udalak, eta horren inguruko prozesu parte-hartzailea martxan ipini du. Olabide kalea eta Urdulizko ospitalea lotuko lituzke errepide berriak. Maiatzean egindako inkestaren arabera, bide hori eraikitzeko beharrizana 10etik 7,87koa dela esan dute sopeloztarrek. Uribe Ospitalea herri-plataformak, ordea, "azpijokotzat" jo du Udalak telefonoz egindako galdeketa; "Urdulizera doan bide berria egitea justifikatu nahi du Udalak, galdera nahasiak eta alderdikoiak eginez", salatu dutenez. Hala, Uribe Ospitalea herri-plataformak ekainaren 27ko osoko bilkurara joatera deitu ditu herritarrak.

Uribe Ospitalea herri-plataformak gogoratu duenez, bide hori "legearen kontrakoa" zela esan zuen udal-idazkariak, txosten batean, "Osteikoko Zati Plana onartu zenean bertokotzar jo arren, Urdulizko ospitalerako sarbidea izango denez, zalantzarik ez dagoelako udalerri bat baino gehiagori dagokiola horren ardura". Euren berbetan, "sopeloztarrei iruzurra egin nahi zaie Berangoko megapark-era eta ospitalerako bidean gure herria zeharkatuko duten milaka kotxeekin pozik gaudela sinestaraziz eta horrexegatik Urdulizera doan bide berri hori egin behar da Sopelako trafikoa arinagoa izan dadin".

Horrez gainera, 2016ko martxoko plenoan esandakoari "muzin" egitea leporatu diote Gontzal Hermosilla alkateari eta bere Gobernu-taldeari: "udal-osoko bilkura horretan Urdulizeko ospitaleak sortutako trafiko-arazoari alternatibak aztertzeko beharra aipatzen zen, horien inguruan prozesu parte-hartzaile bat bultzatuz". Horregatik guztiagatik, "manipulazio-kanpaina" bat martxan ipintzea egotzi diote Udalari.

EH Bilduren haserrea

Egunotan, informazio-orriak banatu ditu Udalak, sopeloztar denek parte hartzeko moduen eta daten inguruko informazioa izan dezaten. Era berean, Udalaren webgunean gune berezi bat zabaldu dute, erabiltzaileek beraien ekarpenak egin ditzaten, inprimaki baten bidez.

Ostera, Sopelako EH Bilduk haserrea agertu du EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Gobernu-taldeak egindako galdeketagatik. Inkesta Gizaker enpresak egin zien 400 sopeloztarri, telefonoz. Koalizio ezkerzalearen berbetan, "herritarrak Urdulizko ospitalerako errepidea egitearen alde ipintzera bideratuta daude galderak". Aldi berean, etxez etxe banatzen dabiltzan informazio-orrietan "manipulazioa" igarri dela kritikatu du EH Bilduk. Besteak beste, hau aipatzen da: "Berangoko merkatalgunea laster zabalduko dute; trafiko-fluxua hobetuko du errepideak. Horrez gainera, Sopela eta Urduliz lotzen dituen errepideagaz bat egingo du, ospitalerako sarbidea bilakatuz". Ezkerzaleen berbetan, ordea, ez da "trafikoa areagotzearen daturik ematen".

Osteikoko errepideko tirabira ez da kontu berria: EH Bilduk proiektua geldiarazi zuen alkatetza bere esku zegoenean, "errepide horren bitartez, trafikoa asko handituko zelako udalerri osoan"; EAJk egitasmoari eutsi dio aginte-makila berriro eskuratzean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun