Gaitzespenaz gainera, Bozeramaileen Batzordeak "haserrea" erakutsi gura izan du, gauean, Sopelan, andre batek jasandako sexu-erasoagatik. Halaber, "elkartasuna eta laguntza" helarazi gura izan dio, erasoa jasan duen andreari eta bere ingurukoei; eta eraso sexisten biktima diren emakume guztiei ere bai. "Euren esku ipintzen ditugu beharrezko baliabide psikologiko eta juridiko denak", adierazi dute udal-ordezkariek.
Plazaratutako oharrean azpimarratu dutenez, "gaitzetsi egiten ditugu emakumeak errespetatzen ez dituzten jarrera guztiak, hasi keinu eta jarrera sexistetatik eta eraso muturrenekoetara". Bestalde, gertatu argitzeko, "ikerketa azkar eta zehatza" egitea exijitu dute Sopelako Udalean ordezkaritza daukaten alderdi politiko denek; "eta, behar balitz, erantzukizun oro garbi azaltzea".
Azkenik, "geldi eta isilik ez" egoteko deia luzatu diete sopeloztar denei; "eraso sexisten konplizitate keinu guztiak arbuiatu ditzatela" eskatu diete. "Herritarrei dei egiten diegu emakumeen kontrako indarkerien aurrean gaitzespena aktiboki erakustera eta animatzen ditugu gaitzesteko eta arbuiatzeko datozen egunetan egingo diren manifestazioetan parte hartzera", amaitu dutenez.