1924an turisten egonaldia udalerrian luzatzeko xedez sortu zen Euskal Jaia, udal-iturriek azaldu dutenez; ospakizun horrek garrantzi eta herri-errotze handia lortu du.
Hala, zapatuan, hilaren 9an, Arantzazuko Birjinaren egunean, 10:00etan hasiko den Nekazaritza Azoka. Ohikoa denez, baserritarrek mota guztietako frutak eta barazkiak ipiniko dituzte salgai. Jarraian, 11:30etik 14:30era, Sopelako panderojoleek herriko kaleak alaituko dituzte. Halaber, 11:30ean, Sopelako Udala Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte, udal-pilotalekuan. Eta ordubete beranduago, 12:30ean, Eguzkilore eta Meñakoz dantza-taldeek ikuskizun paregabea eskainiko dute. Horren ostean, 13:30ean gazten, barazkien, loren eta fruten txapelketaren sariak banatuko dituzte. Eta arrastian, 20:00etan, Hortzmuga konpainiak Sopelako kaleak animatuko ditu "Femmes" izeneko kale-antzerkiarekin. Eguna agurtzeko, Dantzaz konpainiak, "Txoriak, Mikel Laboaren unibertsoan barneratzeko bidaia" izeneko dantza-ikuskizuna eskainiko du, 22:00etatik aurrera, udaletxeko berdegunean.
Domekan, irailaren 10ean, goizean zehar, XII. Margo Lehiaketa egingo dute, udaletxeko plazan; Zirri Marra elkarteak antolatu du. 10:00etatik 11:00etara arte, aldiz, sukalki-txapelketan izena emateko epea hasiko da. Parte-hartzaileek 13:00etatik 13:30era aurkeztu beharko dituzte lapikoak; eta 14:00etan, sari-banaketa egingo dute. Baina, aurretik, 12:00etan, sopeloztarrek zein bisitariek B ikotekako Bizkaiko Harrizulatze Txapelketaren finalagaz gozatzeko aukera izango dute. Honako taldeek parte hartuko dute: Kabiezes, Burdin gazteak, Aldai alde, Ugarte, Errekatxo eta Trapagaran. Egitarauagaz jarraituz, arrastian, 17:00etan, sari gehiago banatuko dituzte; oraingoan, margo-lehiaketarenak. Eta Euskal Jaia amaitzeko, 18:00etan, umeentzako "Klaun de klown" egongo da.