Txakurrentzako parkea ireki dute Sopelan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 6a, 12:46

Egunotan, estreinatu berri den parkea bisitatu du Gontzal Hermosilla alkateak. © SOPELAKO UDALA

Herritarren eskaerei erantzunez, txakurrentzako parkea ireki du Sopelako Udalak, Sipiri kalean, udaletxearen atzeko aldean; proiektu aitzindaria da Uribe Kostan, bertoko arduradunek azpimarratu dutenez. Erakunde publikoak 16.300 euro inguru bideratu ditu udalerrian erroldatutako 2.936 txakurren beharrei erantzuna ematea helburu duen proiektu honetarako. Lanak abuztuko azken asteetan zehar egin dira.

Parkean, txakurrek korrika egin, jolastu, dibertitu eta trebatu ahal izateko jokoak dituen "agility" EDU-CAN zirkuitu batez osaturik dago. Ibilbidean zehar, pasabideak, latesiak, slalomak, luzera eta altuera-jauziak, kulunkak, tunelak eta gurpilak dauzkate abereek, beste batzuen artean.

Agility EDU-CAN zirkuitua lehiaketa hipikoetan oinarrituta dago; txakurrak oztopo desberdinak gainditzean datza. Bizkortasun-kirola “txakur-hezkuntza” bultzatzen duen ekimena da, betiere, txakurra gure gizartean integratu eta egokitzeko xedeagaz; zan ere, hobby eta denbora-pasa bat da txakurrentzat, bereziki, hiriguneko espazio itxietan denbora luzez egotera ohituta dauden horientzat. Beste alde batetik, zaletasun bera duten pertsonen arteko hartu-emana bultzatzen du, euren txakurrak hobeto ezagutzeko eta animalien fisikoa zein burua trebatzeko aukera eskainiz.

Egunotan, estreinatu berri den parkea bisitatu du Gontzal Hermosilla alkateak. Bere esanetan, “proiektu honek Sopelako Udalak orain arte martxan ipinitako animalien adopzioaz kontzientziatzeko zenbait kanpaina ditu aurrekari”; ildo horretan, “Sopelak duen txakur-populazio handia kontuan izanik, ia 3.000 txakur erroldaturik baitaude, printzipioz Larrabasterran kokatuko den bigarren parke bat eraikitzeko lanetan murgildurik gaude”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun