Elkarrizketak

Mikel Begoña Garaizar: "Euskaraz zer ikusi eta zer erosi badago komikigintzan"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko urr. 19a, 11:28
Mikel Begoña gidoilaria. HODEI TORRES

"Komikia: el cómic vasco 1975-2017" erakusketa urriaren 28ra arte ikusi ahal izango da, Bilboko Foru Liburutegiko areto nagusian. Mikel Begoña sopeloztarra eta Kike Infame bilbotarra dira Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako esposizinoaren komisarioak. Sopelakoak azaldu duenez, Euskal Herriko komikigintzak azkeneko 42 urteetan izan duen bilakaera ikus daiteke bertan, astelehenetik zapatura; sarrera, doan.

Zeinek egin zizun "Komikia: el cómic vasco 1975-2017" erakusketan parte hartzeko gonbita?

Erakusketaren komisarioa ere den Kike Infame etorri zen nigana, proiektuagaz. Berari eskaini zioten egitea eta, gero, horrek niri elkarregaz egiteko aukera eman zidan; batez ere euskarazko komikiaz arduratzeko gonbita egin zidan. Izan ere, orain bost urte "Komikeri" izena daukan blogagaz jarri nintzen: bertan, euskaraz zer argitaratzen den aztertzen dut.

Zer helburu dauka erakusketak?

Erakusketak, logikoa denez, erakustea dauka helburu. Kar, kar. Bilboko Foru Liburutegiko erakusketa-areto nagusian dago: panelen bitartez, 1975etik hona euskal komikigintzak egin duen ibilbidea ikus daiteke. Aukeraketa bat da, noski! Ez da den-dena agertzen paneletan; baina, bai, gure ustez, azpimarragarriagoak diren komikiak. Horretaz aparte, katalogo bat argitaratu dugu; nahiko mardula da. Liburu horrek 150 orrialde dauzka: hamarkadaz hamarkada euskal komikigintzaren ildo nagusiak zeintzuk diren azaltzen dugu. Gehiago sakontzeko aukera eman digu erakusketaren katalogoak.

Zeintzuk dira erakusketa baten komisarioak egiten dituen lanak?

Kike Infame eta biok gara komisarioak: erakusketa aurkezteaz arduratzen gara. Hala ere, aipatu behar dut, gehienbat Kike arduratu dela programazio paralelo bat osatzen: egitarau horren barruan, tailerrak eta berbaldiak egiten gabiltza. Oraindino geratzen da Amaia Ballesterosek eman behar duen berbaldia: ilustrazioei buruz arituko da, urriaren 25ean. Josune Muñozek, berriz, emakumeak euskal komikigintzan duen lekuaz hitz egin zuen, urriaren 17an. Azkenik, euskarazko komikigintzaren historia aztertu nuen nik, urriaren 3an egindako solasaldian. Erakusketa urriaren 28ra arte zabalik egongo da, astelehenetik barikura, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era; eta zapatuetan, berriz, 10:30etik 13:00etara. Sarrera doakoa da.

Erakusketa ikusteaz gainera, tailerretan eta berbaldietan parte hartzen dabiltza komikizaleak?

Bai. Nahiko ondo doa. Gainera, komunikabideen aldetik interes nahikoa sortu du ekimenak; daborduko ez dakit zenbat aldizkaritan eta irratitan eskaini ditugun elkarrizketak. Bestalde, gure artean euskal komikigintzak indarrik daukan edo ez... Esan daiteke garai hobeak izan dituela. Ni umea nintzenean, komikiak ziren gaur egungo bideo-jokoen lekua betetzen zutenak. Gero, helduentzako komikigintza ere sortu zen, 80ko hamarkadan; gaur egun, gehien irakurtzen diren komikiak horiexek dira. Umeenak baino, helduentzako komikiak gehiago irakurtzen dira.

Gazteek euskal komikiak irakurtzen dituzte?

Gazteen artean gehien funtzionatzen duen komiki-mota manga da; horrek hainbat jarraitzaile dauzka atzean. Baina, zoritzarrez, euskaraz ez dago manga-estiloko komikirik. Euskal komikigintzak daukan hutsuneetariko bat da. Gaztelaniaz badago; itzulpenak dira gehienbat, manga Japoniatik datorrelako.  

Ez duzu uste, euskal komikigintzari lekua egin beharrean, atzerriko komikiei lehentasuna ematen zaiela azoketan?

Getxon, adibidez, banatuta daude. Uste dut asteburu bitan egoten dela: batean, manga-azoka; eta bestean, euskal komikiari lekua egiten diote. Nire ustez, erabaki ona izan da. Ezin dugu ahaztu Getxokoa estatu-mailan dagoen azoka onenetariko bat dela. Bada, azken urteotan, "Ipurbeltz"-en standaren inguruan, euskal komikigintzari lekua egin diote, Areetako Xake plazan ipini ohi duten karpan. Harriet Ediciones argitaletxeak ere bere postutxoa izaten du; euskarazko komikiak plazaratzen ditu. Gainera, nahiko harreman ona dago euskarazko komikiak argitaratzen duten egileen artean. Azken finean, getxoko Komiki Azoka elkartzeko aitzakia besterik ez da: standetan egoteaz aparte, elkarregaz joaten gara afaltzera... Lehen difusoagoa zen euskal komikigintza; bakoitza bere aldetik zebilen eta ez zegoen horrenbesteko harremanik.

Euskarazko zenbat komiki argitaratzen dira orain?

Gaur egun, hamabost bat komiki argitaratzen dira euskaraz, urtero; eta orain badago jendaurrean batuta gaudela erakusteko aukera. Pauso bat izan da. Beti kili-kolo ibili da euskal komikigintza; baina, azken urteotan, euskarazko produkzioa dagoela erakutsi dugu; eta, salmenten aldetik, horietako batzuk ondo funtzionatzen dutela ere bai. Jendeari argi esan behar zaio euskaraz zer ikusi eta zer erosi badaukala. Bestalde, euskaraz lan egiten ausartzen ez diren argitaletxe horiei jakinarazi behar zaie saldu ere saldu egiten dela, produktua ondo jagoten bada. Aurrerapausoak egon dira.

Zelakoa izan da azken 42 urteetan Euskal Herriko komikigintzak jasandako eraldaketa?

Ia komikigintzarik ez zegoen 1975era arte; zeozer egon zen 30eko hamarkadan, baina gerrak errotik moztu zuen dena. 1973ra arte ez ziren euskarazko komikiak berriro aurrera irten. Besteak beste, gerra ostean, "Panpin" deitzen zen komikia sortu zen; ia zortzi-bederatzi urtez argitaratu zuten. Baina, euskal komikigintzak izan duen arorik onena 1975etik 1990era arte izan da gutxi gorabehera; euskal komikigintzaren urrezko aroa deitzen diogu horri. Izan ere, 1968ra arte euskal komikia gogor astindu zuen zentsurak; Fragaren Legea zeritzona egon zen ordura arte indarrean, eta hori kendu zen arte, ez zen argitalpen berririk atera. Alde batetik, aldizkari berriak sortu ziren, eta egunkariak ere bai. Horietan denetan umore grafikoa agertuko da; adibidez, Zakilizut agertu zen Egin egunkarian. Baina, "Punto y Hora de Euskalherria", "Garaia", "Ere" aldizkarietan, horietan denetan ere komikiak argitaratzen ziren. Bestalde, umeentzako aldizkari bi sortu ziren, 1978an: "Ipurbeltz" eta "Kil-kili". Horretaz aparte, hainbat esperimentu egin ziren: berbarako, Donostian sortu zen "Gomikia" deitzen zen helduentzako fanzineen antzeko argitalpen bat. Hala ere, hiru zenbaki baino ez zituzten atera. Komikiakaz batera, argitaletxeak sortuko dira: Tartalo, Erein eta horiek denek albumak argitaratuko dituzte. Esan bezala, euskal komikigintzan urrezko aroa izan zen, 1975etik 1990era arteko aroa.

Ordutik hona zelakoa izan da euskarazko komikiaren garapena?

Gorabeherak egon dira: 80ko hamarkada nahiko ona izan zen; baina, gero, nazioarte-mailan krisialdia sortu zen, 1992an edo. Gurean, "Habeko Mik" argitalpenak aukera ematen zien marrazkilariei euren lanak ondo saltzeko; ondo ordaintzen zuten. Baina, tamalez, itxi egin behar izan zuten, 1992an. Nazioarte-mailan ere mota horretako hainbat aldizkari desagertu ziren.

Nobela grafikoak indarra hartu zuen orduan.

Bai. Geroago nobela grafikoa deituko zena hasi zen indarra hartzen 2000ra arte. Modu libreago batean egiten den komikia da nobela grafikoa; egileek erabakitzen dute zelakoa izango den euren komikia, formatuaren, edukiaren eta luzeraren aldetik. Gauza berriak esperimentatzeko aukera ematen du argitalpen-mota horrek.

Gure artean, Astiberri argitaletxea sortu zen, Bilbon; estatu-mailan komikigintzako enpresa esanguratsuenetako bat izatera heldu da. Horrek ere nobela grafikoa lantzen du. Gainera, Euskal Herritik kanpo hoberen saltzen diren komikiak euskarara itzultzen ditu Astiberrik: "Pilula urdinak", "Zimurrak", "Maria eta biok" eta beste hainbat. Txalaparta argitaletxeari dagokionez, ez du askorik argitaratu; baina, badabil azken urteetan nahiko animatuta. Urte bitik behin edo... batzuetan, urteren batean nobela grafiko estiloko komiki bi argitaratu ditu: berbarako, Maite Gurrutxagaren "Habiak", Mattin Martiarenaren "Zarrakamalda" eta horrelakoak.

Gaur egun, euskarak lekua dauka komikigintzan?

Besteak beste, Frantzian, sumatzen ari dira komikien gehiegizko produkzioa dagoela eta krisialdi bat datorrela; asko sortzen da, eta egileei ez zaie ordaintzen egiten duten lanaren araberako soldata. Euskaraz, ordea, abantaila daukagula uste dut: euskarazko komikiak argitaratzen dira urtero; irakurleen esparrua landu behar dugu orain. Gainera, sekulako salmentak egin barik, ordaindu beharrekoa ordaintzen zaie marrazkilariei. Euskarazko komikiak konpetentziarik ez dauka: Frantzian edo bestelako herri batean krisialdia egon arren, Harriet eta Txalaparta bezalako argitaletxeek oraindino badaukate garatzeko bidean dagoen merkatu propio bat.

Beraz, esan daiteke etorkizuna daukala euskarazko komikigintzak?

Bai. Batez ere bertoko gaiak direnean, oso ondo saltzen dira euskarazko komikiak. Adibidez, Harrietek, "Justin Hiriart" komikiagaz, etekin handiak izan ditu; bale-ehiztariez dihardu argitalpenak. 2000ko hamarkadan agertu zen "Gartxot" ere oso ondo saldu zen. "Xabiroi" euskarazko komiki-aldizkaria ere arrakastatsu dabil... Nire ustez, etorkizuna badago.

Non izango da euskarazko komikigileen hurrengo topaketa?

Parrapean Komiki Egunak jaialdiaren barruan, euskarazko komiki-azokaren laugarren edizioa egingo dugu, zapatu honetan, urriaren 21ean; goizeko 11:00etan hasiko da, Santutxuko Karmelo plazan. Urtean kaleratzen diren komiki gehienak bertan aurkezten dira: besteak beste, Harriet argitaletxea, Asisko Urmeneta eta Julen Rivas egongo dira, euren lan berriak aurkezten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun