Manifestazioa egingo dute Zipiriñe ikastetxeko gurasoek

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 29a, 15:39

Zipiriñe ikastetxeko patioan ipini dute aurrefabrikatutako azpiegitura.

Sopelako Udaleko Gobernu Taldeak bi milioi euro bideratu gura ditu Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa hartuko dituen institutu berri bat eraikitzeko eta beharrezkoa den lursaila egokitzeko. Hala, Iberre institutua eskola moduan erabiltzeko liberatu, eta, horrela, Sopelan, eskola bi egoteko eskaerari erantzuna emango litzaioke. Hala ere, Iraupen izena daukan Zipiriñe ikastetxeko gurasoen elkarteak antolatutako manifestazioari eustea erabaki du: barikuan, abenduaren 1ean, hezkuntza-zentrotik udaletxera arteko bidea egingo dute, 16:45ean abiatuta.

Sopelako Udaleko Gobernu Taldeak azaroaren 21ean zabaldu zuenez, egun horretan aurkeztu zieten EAJk eta PSE-EEk 2018ko aurrekontuen proposamena gainerako talde politikoei dagokion batzordean, arrastian. EH Bilduk hori "gezurtatu" egin du eta txosten hori "alderdiei esan baino lehen komunikabideetara bidaltzea" leporatu die agintari sopeloztarrei: "hedabideetan, eguaztenean agertu ziren aurrekontuen ildo nagusienak eta guri eguenean, 20:30ean, esan zizkiguten", aipatu du koalizio ezkertiarrak. Gorabeherak alde batera utzita, udal-arduradunek egindako proposamenen artean, bi milioi euro bideratu gura dituzte Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa hartuko dituen institutu berri bat eraikitzeko eta beharrezkoa den lursaila egokitzeko. Hala, Iberre institutua eskola moduan erabiltzeko liberatu, eta, horrela, Sopelan, eskola bi egoteko eskaerari erantzuna emango litzaioke. "Honela, Sopelak sopeloztar denei kalitatezko heziketa zerbitzuak eskaintzeko beharrezko ekipamenduak izango ditu", adierazi du Gontzal Hermosilla alkateak. Daborduko hitzarmena adostu dute Iberreko Eskola Kontseiluakaz, udal-agintariek gaineratu dutenez. Horrez gainera, laster batzarra egingo dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz.

Hala ere, Iraupen izena daukan Zipiriñe ikastetxeko gurasoen elkarteak antolatutako manifestazioa egitea erabaki du: barikuan, abenduaren 1ean, hezkuntza-zentrotik udaletxera arteko bidea egingo dute, 16:45ean abiatuta. Zipiriñeko aita-amen izenean Ignacio Rodriguezek azaldu duenez, "gauza bat delako proposamena aurkeztea eta beste gauza oso ezberdin bat hori betetzea". Iraupen elkarteko ordezkariak gaineratu duenez, "denbora luzea daramagu ikastetxean umeentzako, irakasleentzako eta langileentzako leku nahikoa ez dagoela aldarrikatuz, orain proposamen soil batengatik mobilizazioak alde batera uzteko". Rodriguezen berbetan, "diru-partida hori onartzen bada ere, egin beharko duen bidea luzea eta korapilatsua da. Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta udal-arduradunei ez diegu lasaitzen utziko, gu besoak gurutzaturik ikusita. Azken muturreraino iritsiko gara". Sopelako hezkuntza-zentroek leku nahikorik ez izatea ez da berria. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak barrakoi bat instalatu zuen Zipiriñe ikastetxean, joan den urriaren akabuan. Horrek ezinegona sortu du ikasleen gurasoen artean; "Barrakoirik ez!" goiburutzat hartuz, mobilizazioei ekingo diete.

Alderdi politikoen iritzia

Bitartean, Sopelako EH Bilduk ondo ikusten du institutu berri baterako bi milioi euro bideratzeko Udalak egindako proposamena. "Guk aspaldian esan genuen Sopelak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bi behar zituela", adierazi du Guillermo Vio koalizio ezkertiarreko bozeramaileak. Hala ere, zehaztu duenez, "hori aurrekontuen atal bat baino ez da". "Aurrekontuak bere osotasunean aztertzen ari gara eta osotasunean jokatuko dugu... ez helburu bakar baten arabera: ikastetxe berria inportantea da baina aurrekontuen atal bat baino ez da", azaldu duenez.

Bestalde, 2017ko aurrekontuen akordioaz EH Bilduk egiten duen balorazioa txarra da: "akordioaren gauzatze maila guztiz hanka motz geratu da", Viok kritikatu duenez. Iazko abenduaren 29an onartu zituzten diru-kontuak, koalizio ezkerzalearen abstentzioagaz.

Denok Batera taldeko kideak, berriz, "haserre" agertu dira, institutuaren inguruan egindako proposamenari buruz Udal Gobernuak "azalpen gehiagorik eman ez" zuelako. DBren arabera, azaroaren 21ean eman zieten "alderdi politiko guztiei" aurrekontuen proposamena. "Hurrengo egunean, zegokion batzordean galdetu genion Hirigintzako zinegotziari zein zen egokitu nahi zituzten orubeen kokapena. Ez zekiela erantzun zigun; gaia alkateak berak kudeatzen ari dela zehaztu zuen", azaldu dutenez. Oposizioko alderdiak gogora ekarri duenez, 2016ko apirilaren 22an hezkuntza-zentroetarako lurzorua eskuratzeko proposamena aurkeztu zuen Denok Baterak; "Udal Gobernu Taldearen eta Zipiriñe ikastetxeko gurasoen elkartearen zain gaude oraindik", diotenez.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun