Biharamunean, berriz, "Ez dok hiru!" antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da, Kurtzio kultur etxean. Hala, Tartean konpainiako Patxo Telleria eta Mikel Martinez igoko dira oholtza gainera, eta hiru musika-aktorek lagunduko dituzte: horien artean dago Maria Arriaga algortarra. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 8 euroan salduko dituzte, ohiko lekuetan. Telleriak eta Martinezek urteak daroatzate bikote legez artista-jardunean, antzerki-obrak sortzen, ekoizten eta antzezten. Denboragaz, ia oharkabean, berezko estiloa sortu dute: iturri askotatik edaten dute, baina, berezko kaligrafia dauka: aktore biren elkarrizketan oinarritzen da, berbaldi labur eta pikatuak, azkarrak, eroak... "Ez dok hiru!" antzezlanari dagokionez, euskal kantutegian oinarritutako teatro-ikuskizuna da: "Gure modukoa: eroa, harrigarria, irrigarria azalez... Baina azal horren poro bakoitzari gure musikarekiko maitasuna dario", diote Telleriak eta Martinezek.
Euskararen Nazioarteko Eguneko Sopelako egitaraua domekan bertan amaituko da: orduan, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran Dantza Konpainiak "Maurizia" ikuskizuna taularatuko du, Kurtzio kultur etxean. Karmele Jaio euskal idazleak sortutako testu batean oinarritzen da lana; Maurizia Aldeiturriaga zeberioztar pandero-jolea zenaren bizitzan dauka abiapuntua. Emanaldia 19:00etan izango da; sarrerak 8 euroan salduko dituzte.