Etxanizek eta Arrietak jantzi dituzte lau t'erdiko txapelak

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 6a, 15:36

Gaurko txapeldunak eta txapeldunordeak. © EMAKUME MASTER CUP

Leire Etxaniz etxebarritarrak eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak irabazi dute Emakume Master Cupeko txapelketa, elite-kategorian eta lehen mailan, hurrenez hurren. Sopelako udal-frontoia jendez lepo bete da eta jendea kanpoan geratu da zain, final bikoitza ikusteko. Izan ere, ikusmin handia izan da lau t'erdiko banakako lehenengo txapelak nortzuek jantziko zituzten jakiteko.

Sopelako lehenengo finala lehen mailakoa izan da. Urolako norgehiagoka horretan, elkarren lehian jardun dute Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Maite Iriarte azpeitiarra. Txapelduna, azkoitiarra: 22-11 irabazi dio Iriarteri.

Hasiera-hasieratik nagusi izan da Arrieta. Hasierako banako berdinketatik aurrera, azkoitiarrak abantaila hartu dio azpeitiarrari, eta Iriartek ezin izan du ezer egin bere joa eta talentuaren kontra; nahiz eta, ohiko duen gisan, Iriarte pilotari saiatu eta ekina izan den. Hala, zazpi tanto errenkadan egin eta gero, 2 eta 7 aurretik jarri da Arrieta, eta horrezkero, Iriartek arean estutu duen arren, bost tantora ipiniz, 8 eta 13koagaz, Eneritz Arrietarentzat izan da txapela, merezimendu osoz.

Elite-mailako finalean, final handian, Leire Etxaniz nagusitu da, Maider Mendizabali 22-13 irabazi ostean. Lehen mailako finalean gertatu den legez, bigarren partida horretan ere pilotari txapelduna gehiago izan da hasieratik, nahiz eta, hemen ere, partida estutu den, batez ere hasieran. HAla, 8 eta 6koagaz, ezkerrez egin duen horma biko itzel batgaz bi tantora hurbildu da gipuzkoarra, 7-2 galtzen hasi ondoren. Hirura ere jarri da anoetarra, eta txapelduna estutu, partidako unerik ikusgarrienean (14-11), baina handik aurrera Mendizabalek behera egin du fisikoki eta, pilotakada oso onak bai, baina hutsak ere egiten hasi da. Harrezkero bizkaitarrak, sendo eta seguru partida osoan, ia errenkadan egin ditu tantoak 22ra arte. Ez da falta izan tanto ikusgarririk, ordea, final osoan. Ikusleen txalo-zaparraden hotsa behin baino gehiagotan entzun da: etxebarritarraren horma biko bat ezkerrez (8-6), Mendizabalen horma bikoa zabalera (11-7), Mendizabalen hamabigarrenean, eta abar.

Erlazionatuak

Sopelan erabakiko dira txapelak

Iker Rincon Moreno 2017 abe 05 Sopela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun