Elkarrizketak

Maria Martins: "Mendia ez da nire lagunik onena"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko ots. 9a, 15:47

Maria Martins txirrindularia. HODEI TORRES - HIRUKA

Portugaldik Uribe Kostara etorri da Maria Martins Sopela Women´s Team-eko txirrindularia (Moçarria, Santarém, 1999).

Martinsek Bairrada txirrindularitza-kluba utzi du, Soraia Silva taldekideagaz batera, Sopela Women´s Team euskal UCI talde profesionalera batzeko. Hala, Belgikan lehiatzen dabilen Daniela Reis aberkidearen eredua segitu dute. Hirurak dira atzerrian elite-mailan dabiltzan hiru emakume portuges bakarrak.

Zelan ikusten duzu Sopela Women´s Team taldea?

Talde indartsu eta ahalmentsua dela iruditzen zait. Eskarmentua hartzeko baliagarria egingo zait, datozen urteoi begira. Plazera izan da etortzea eta oso pozik nago taldearen parte izateagatik.

Aurretik ezagutzen zenituen zure lankideak?

Bai, euretako asko bai, nigaz lehiatu zirelako iaz. Eta besteakaz kointziditu nuen, hemen egindako lasterketetan. Gustura nabil eurakaz.

Zelan erabaki zenuen Sopelara etortzea?

Portugalen txirrindularitza-taldeek ez daukate beharrezko baldintzarik gure etorkizuna bermatzeko. Nire entrenatzaileak eta biok, Portugalgo Txirrindularitza Federazioagaz batera, Sopela taldeagaz berba egin genuen eta emaitza oso ona izan zen. Gogotsu nabil.

Zeintzuk dira zure helburuak denboraldi honetarako?

Oinarritik hasita, bizikletaren gainean ibili eta apurka-apurka esperientzia eta helburu berriak lortzea, hobeto entrenatzen utziko didatenak.

Zer lan egingo duzu taldearen barruan?

Gogoa dut talde osoarentzat lan egiteko, baita taldeak nire alde egin dezan ere. Txirrindularitza horrelakoa da.

Erlojupekoan eta pistan ondo moldatzen zara; esprintei begira ibiliko zara?

Bai, esprintetarako txirrindulari ona naiz; helmugan azkar nabil. Aldiz, mendia ez da nire lagunik onena, baina ahaleginduko naiz horretan hobetzen.

Portugalgo bost txapelketa lortu dituzu.

Bai, hiru pistan, bat erlojupekoan eta bestea errepidean. Azken urtea izugarria izan da, orain arte nire onena. Ez nuen halakorik espero; eta, horri esker, jauzia eman ahal izan dut.

Europan txapeldunorde izan zinen, lehen aldiz, 2016an.

Bai, hori izan zen nire lorbidea gazte-mailako bigarren urtera heltzeko. Gero etorri zen aipatutako bigarren urte izugarri hori.

Zer gelditzen zaizu irabazteko?

Beti gura dugu irabaztea, baina kontua da ahalik eta hoberen egitea. Hala egin arren, beti ez dugu onena lortzen. Beharraz gainera, zortea ere izan dut azken urteotan, eta emaitzak ikaragarriak izan dira.

Zer iritzi daukazu euskal txirrindularitzaz?

Hemengo txirrindularitza indartsu dabil; askotan lehiatu naiz hemen eta oso gogorra da. Asko estimatzen dut hemen egotea. Gustuko ditut hemengo jendea eta komunitatea.

Zelan hasi zinen txirrindularitzan?

Osabagaz paseatzen hasi nintzen. Gerora, apurka-apurka, lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, eskarmentua hartzen… eta orain hemen nago. Atzera begira ipinita, lan mordoa eginda dago; eta aurrera begira, gogo handia ere badut. Gero eta gehiago lan egin gura dut.

Besterik esan gura duzu?

Eskerrak eman gura dizkiet nire ibilbide laburrean lagundu didaten pertsona denei, eta Sopelari, aukera ederra eman didalako.

Palmaresa

  • Europako txapeldunordea eliminazioan, iaz, eta scratch-en, 2016an, gazte-mailan.
  • Portugalgo txapelduna: scratch, omnium eta puntuazioan, aurten, elite-mailan; eta erlojupekoan eta errepidean, iaz, gazte-mailan.
  • Lau etapa: hiru Taça de Portugalen eta bat Lakuntzan, iaz, gazte-mailan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun