Sopelako Udalak 2018ko udal-aurrekontuak onartu zituen atzo arrastian egindako ez-ohiko osoko bilkuran. EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldea akordio batera iritsi da Orain Sopela alderdiagaz, aurtengo kontuak aurrera eroateko. Atzora arte, Udalak aurrekontuak luzatuta zeuzkan. Lortutako hitzarmenagaz, erakunde publikoak 16,3 milioi euro kudeatuko ditu; iaz baino 2,85 milioi euro baino gehiago.
Hala, Sopelako alkatea den Gontzal Hermosillak akordiora iritsi diren alderdi politikoen "esfortzua eta akordiorako gaitasuna zein aldez aurretiko jarrera baikorra" azpimarratu gura izan ditu; "izan ere, aurrekontuen onarpena gai garrantzitsua eta mamitsua da, tokiko administrazio baten egunerokotasuna baldintzatzen duten kontuak baitira", gaineratu zuenez. Udal-agintariaren berbetan, "Orain Sopelak negoziaketetarako izan duen jarrera baikorra eskertu eta azpimarratu gura dut, sopeloztar guztion interes eta ongizaterako akordio-puntuak erdiesteko. Babes eta integrazio sozialagaz lotutako ekarpen baliagarriak egin ditu. Bestalde, bestelako alderdiek ez dute akordiorako inolako borondaterik erakutsi eta euren proiektuak martxan ipintzeko aukera ederra galdu dute; ez dute gehitu gura izan".
Proiektu azpimarragarriak
Udal-gobernua osatzen duten kideen berbertan, "onartutako aurrekontuak martxan ipini gura dugun udalerri-proiektuagaz koherenteak dira. Kontu hauei esker hartuko ditugun neurriei eta martxan ipiniko ditugun proiektuei esker, Sopelak aurrera egin ahal izango du". Alderdiek adostutako akordioko konpromisoei dagokienez, hurrengoak azpimarratu daitezke:
- 250.000 euro bideratuko dira adineko pertsonentzako eguneko zentro bat eraikitzeko.
- 180.000 euro emergentzia sozialeko egoeretara bideratutako pisu bat erosteko.
- 165.000 euro gehiago udal diru-laguntzetan: OHZ, tasetan laguntzak, pobrezia energetikoa pairatzen duten familientzako laguntzak, eskolako materiala erosten laguntzeko, udal-euskaltegian matrikulatzeko, kooperaziorako diru-laguntzak, adinekoentzako, IGE Zipiriñe, eta abar.
- 600.000 euro Jauregizar parkea eraberritzeko.
Institutua
Aurrekontu berriei esker, "Sopelarentzako estrategikoak diren proiektuak martxan ipintzeko aukera zabaltzen da", udal-iturrien arabera. Horien artean, institutu berri bat eraikitzeko, Udalak 2 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak beharrezkoa duen lur-saila egokitzeko. Horrez gainera, lorezaintzako eta garbiketako gastuak ere nabarmenki handitzen dira. Lorezaintza-zerbitzuari dagokionez, gastua 270.000 eurotik 380.000 eurora igoko da eta kale-garbiketa lanena 270.000 eurotik 350.000 eurora. Azkenengo bi urteotan milioi bat euro baino gehiago inbertitu dira energi elektrikoko sarera. 2018ari begira %80ko igoera aurreikusten da mantentze-lanetarako eta prebentziozko jardueretarako.
Akilino Arriolaren semipeatonalizazioa, Sopelmarrera iristeko sarreraren eraberritzea, Lizarre kaleko hobekuntzak eta udal-liburutegiaren edota Urko kiroldegiaren berriztatzeak dira Udalak sustatuko dituen beste ekimenetako batzuk.
Zentsura-mozioa
Denok Batera hautagaitzaren zinegotzi bakarra den Jon Andoni Gerediagak joan den eguenean aurkeztu zuen zentsura-mozioa, Sopelako udaletxean: gaur egungo alkatea den EAJko Gontzal Hermosilla kargugabetzea eta, bere ordez, EH Bilduko bozeramailea den Guillermo Vío proposatu du alkatetzarako hautagai. Proposamen hori eguen honetako ohiko udal-batzarrean eztabaidatuko dute. Hala ere, Orain Sopelak udal-aurrekontuetarako hitzarmena adostu ostean, ez dirudi onartuko dutenik. Gaur egun EAJk 7 ordezkari dauzka, EH Bilduk 6, PSE-EEk eta Orain Sopelak bana, eta adskripziorik gabeko zinegotzi bat dago.