Zipiriñe ikastetxeko dozenaka guraso, eskola-ume, irakasle eta langile berriro irten ziren kalera, joan den barikuan, martxoaren 9an. Iraupen gurasoen elkarteak deitu zuen mobilizaziora; hezkuntza-zentroak daukan leku-gabeziari aurre egin guran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak barrakoi bat instalatu zuen joan den urriaren akabuan, eskolako patioan. Gurasoen ustez, hori ez da irtenbidea arazoa konpontzeko. Orain dela lau hilabete lehenengo manifestazioa egin zutenetik, "aurrerapausorik ez da egon", kritikatu dutenez.
Oposizioko alderdi politikoek hainbatetan aurkeztu dituzte proposamenak. Gauza bera egin du EAJren eta PSE-EEren Sopelako Udal Gobernuak, azkenean proposamen berri bat eskainiz, 2018ko aurrekontuen pentsutan. Udalak bere jabegopeko lursail batzuk saltzea erabaki du, eta salmenta horregaz beste lursail egokiago batzuk erosi gura ditu, institutu berri bat ipini ahal izateko; Iberre institutuak ere espazio arazoak baititu, akaso larriagoak. Eraikin berriak konponduko luke hezkuntza-zentro biek daukaten leku-gabezia, izan ere, gaur egungo Iberre institutua eskola bihurtuko litzateke. Udal-aurrekontuak otsailaren 19an onartu egin ziren.
Lursailaren zain
Bitartean, Sopelako Udalak gorrarena egin du Zipiriñeko gurasoen kexuen aurrean; dirudienez, aurrerapausoak ematen dabiltza agintari sopeloztarrak. Gontzal Hermosilla alkateak adierazi duenez, "hainbat lursail begiratzen gabiltza. Gauzak horrela, hurrengo asteetan, aurrekontu berriak indarrean sartzen direnean, 5.000 eta 10.000 metro koadro arteko orubea erosteko pleguak lantzen hasiko gara. Lur horiek Eusko Jaurlaritzari utziko dizkiogu; izan ere, erakunde horrek dauka eskumena institutu berria egiteko".
Hezkuntza Sailean, ostera, ez dira horren baikorrak, institutu berria noizko egongo litzatekeen galdetuta. Sopelan institutuaren zabalkundea egiteko konpromiso osoa adierazi zion Hezkuntza Sailak Udalari. Baina horretarako orubea behar dute. "Begira gaude lursaila noiz utziko diguten", aipatu dutenez. Eusko Jaurlaritzan jakitun dira "Sopelan dagoen premiaz"; baina epeez berba egiteko "goizegi" deritzote. Hezkuntza Saileko iturriek zehaztu dutenez, prozesu horiek luzeak izaten dira: "Adibide bat ipinita, orubea jasotzen dugunean hasten gara erredakzio-proiektua egiten".