Zipiriñeko dozenaka gurasok eta ikaslek manifestazioa egin dute

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 4a, 13:27

"Barrakoirik ez!" lelopean, ZipiZutik izeneko ekimena martxan ipini dute. © IRAUPEN GURASOEN ELKARTEA

Sopelako Zipiriñe ikastetxeko dozenaka gurasoek eta eskola-umeek egin zuten manifestazioa, joan den barikuan, abenduaren 1ean; Iraupen gurasoen elkarteak deitu zuen mobilizazioa; izan ere, hezkuntza-zentroak daukan leku faltari aurre egin guran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak barrakoi bat instalatu zuen joan den urriaren akabuan, eskolako patioan.

"Barrakoirik ez!" lelopean, ZipiZutik izeneko ekimenaren lehen mobilizazioa egin zuen barikuan Zipiriñe ikastetxeko Iraupen gurasoen elkarteak, aldarrikapen argi bategaz: "espazio egoki bat lortzea gaur egun eskolak dituen 900 ikasleentzat". "Urtetik urtera geroz eta ikasle gehiago ditugu eta espazioa berbera da. Duela 3 urte mugara heldu ginen eta hezkuntzaren kalitatea arriskuan dago", adierazi du guraso-elkartearen ordezkaria den Ignacio Rodriguezek. Bere berbetan, "Zipiriñek 40 gela izan beharko lituzke; 44 gela ditu oraingoz. Ordainean, gela hauek galdu ditugu: erabilera anitzetako gela bi, laborategi bat, hizkuntzen gela bat, eta ikus-entzunezko gela bat. Jantokiaren espazioa ere gaindituta dago: bi ordutan 750 ikaslek jaten dute, hiru txandetan. Azken txandako ikasleek txirrinarekin batera bukatzen dute jaten. Sukaldea oso txikia da zerbitzu egokia eskaintzeko eta jantokiko zaintzaileek aldagela txikiegia daukate. Euria egiten duenean, estalita dagoen zelaian 500 ume biltzen dira, hau da, areto-futboleko bi zelaiko espazio batean".

Espazio faltak ere "beste eragin kaltegarri batzuk" ere baditu, Zipiriñeko gurasoen elkartearen arabera: "eskolaz kanpoko jardueren eskaintza ezin da handitu, ez eguerdian, ez arrastian. Irakasleen bilera gela 40 metro koadrokoa da (64 langile biltzeko zaila). Euskarazko eta ingelesezko gelak bitan banatzeko leku falta dago. Irakasleak ezin dira familiekin bildu tutoretza orduetan. Eta azkenik, gorputz-hezkuntzarekin lotutako jarduerak egiteko espazio beharrean gaude".

Ignacio Rodriguezen ustez, "guzti honek gure seme-alaben hezkuntzaren kalitateari eragiten dio; izan ere, espazio fisikoak zentro batek ematen duen hezkuntza baldintzatzen du zuzenean (“zer, zelan eta noiz” eskaini kalitatezko hezkuntza hori). Okerrera goaz. Urteak daramatzagu Zipiriñek pairatzen duen masifikazio-arazoaren berri ematen, bai udalari, bai Eusko Jaurlaritzari. Emaitza, barrakoi bat izan da".

Oposizioko alderdi politikoek hainbat proposamen aurkeztu dituzte: EH Bildu, Denok Batera, Ahal Dugu... Gauza bera egin du Sopelako Udal Gobernuak, "azkenetan" proposamen berri bat eskainiz, 2018ko aurrekontuen pentsutan. "Udalak bere jabegopeko lur sail batzuk saltzea erabaki du, eta salmenta horregaz beste lur sail egokiago batzuk erosi gura ditu, insituto berri bat ipini ahal izateko. Sopelako Iberre Institutuak espazio arazo berberak ditu, akaso larriagoak", azaldu du Rodriguezek. "Gauza bat proposamenak botatzea da, beste gauza desberdin bat proposamen horiek gauzatzea", deitoratu du ama-aiten ordezkariak.

Rodriguezen ustez, "denbora gehiegi daramagu eskolaren espazio arazoei irtenbide bat exijituz. Orain ez gara geldituko proposamen baten aurrean. Azken finean, proposamen bat besterik ez da. Nahiz eta udal aurrekontuen partida hori onartu, egin beharreko bidea luzea da. Udala, Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoen ordezkariak ezin dira lasaitu, behin mobilizazioak utzi ditugula ikusita. Arazoa oso larria da eta hezkuntzaren kalitatea kolokan dago. Amaierara arte heltzeko asmoa daukagu".

Gurasoen elkartearen kidea den Iñaki Azpitarteren berbetam, "Zipiriñeko zuzendaritza, irakaslegoa eta gainontzeko langileak zoriondu beharrean gaude, eskola horren ondo funtziona dadin lortu dutelako, egun dituen mugen eta gabezien gainetik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun