"Berriro ere EH Bilduren proposamenak zentzuratzea" egotzi diote Sopelako alkateari

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 25a, 18:11

Guillermo Vio Sopelako EH Bilduko bozeroalea. EH BILDU

Sopelako EH Bilduk mozio bi aurkeztu ditu, apirileko udal-batzarrean eztabaidatuak izan daitezen: bata, udal-batzorde kopuruaren inguruan; eta bestea, horien edukiaren gainean. Osoko bilkura bihar egingo dute, eguenean, apirilaren 26an. "Nahiz eta mozio horiek modu egokian erregistratu, Gontzal Hermosilla EAJko alkateak eskari modura sartu ditu, galdera eta erreguen tartean", EH Bilduk salatu duenez.

Sopelako EH Bilduk udal-batzorde kopurua murriztu gura du; "izan ere, legegintzaldi honetan komisioek ez dute eduki nabarmenik, lantzen diren gaiak oso gutxi dira eta ez da gai horietan sakontzen", ezkertiarren arabera. "Komisioen kopurua murriztuz, Sopelak kostuetan aurreztuko luke, zehazki, zinegotziei ordaindu beharreko ordainsariak batzar horietara joateko", gaineratu dutenez.

Bestalde, EH Bilduk komisioak publikoak eta irekiak izan daitezen eskatzen du. "Horrela, edozein sopeloztar batzar horietara joateko aukera izango luke, libreki entzutera zein bere iritzia ematera", aipatu dutenez.

Hala ere, "hain garrantzitsuak diren mozio horiek" erregu legez sartu ditu Gontzal Hermosilla alkateak, EH Bilduren proposamenak "zentsuratuz eta gutxietsiz". Ezkertiarrek kritikatu dutenez, "ez da hau gertatzen den lehenengo aldia eta ez da azkena izango". Sopelako EH Bilduren berbetan, "beste behin ere, alkateak eta bere EAJ/PSE udal gobernuak osoko bilkura eduki gabe utziko dute eta horrela, sopeloztarrok batzorde informatiboetara joatea galaraziko dute. Aski da!".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun