Zelakoa izan da zure estreinaldia World Tourrean, Emakumeen Biran?
Pentsatu nuen gogorrago egingo zitzaidala, baina lehenengo etapa nahiko ondo pasatu nuen. Taldeko onenetarikoa izan nintzen: 81. postuan geratu nintzen, eta euskal txirrindularietan hirugarren; zoritxarrez, egun horretan Lourdes Oyarbidek (Movistar) klabikula hautsi zuen. Bigarren etapa, erlojupekoa, ez zitzaidan oso ondo atera, modalitate horretan ez naizelako trebea, inoiz ez dut beren-beregi horretarako entrenatu. Hirugarren etapan, momenturik garrantzitsuenean zulatu zitzaidan gurpila, gaina hasi zenean; lasterketa oraindino puskatu barik zegoen. Asko kostatu zitzaidan txirrindulari batzuk, hamar bat, banan-banan harrapatzea. Zorionez lasterketa amaitu ahal izan nuen, baina leher eginda amaitu nintzen!
Hobeto ibili zinen Zeberion, Bizkaiko txapela irabazi zenuenean?
Bai, askoz hobeto. Emilio [Ramos, Sopelako zuzendaria] berbetan hasi zitzaidan, txapela irabaztera joan nendin. Ni oso lasai nenbilen, 23 urtez azpikoa irabaziko nuelakoan, baina berak absolutua irabazteko esan zidan. Horretarako borrokan zebilen Eider Merino (Movistar) ere. Hala, artega ipini nintzen. Hasieratik erasoei adi egon nintzen, txirrindulari gutxi ginelako, hiru baino ez. Banekien denetara irten beharra nuela eta ihesaldi guztietan sartzen ibili nintzen, baita Bizkaia Durango taldeko [Alice Maria] Arzuffi italiarragaz joan ere; hori ez zitzaidan oso ondo atera. Geroago beste ihesaldi bat sortu zen Eider Merino barik. Halere, taldean sartzea lortu zuen. Azkenean, esprintean irabazi nion. Ez dakit zelan, baina irabazi egin nion.
Euskaldun txapelketan ere borrokan zabiltzate. Zelan ikusten duzu egoera?
Ez da Espainiako Kopan bezala, lan egitea tokatu zitzaidalako eta sailkapenean asko jaitsi nintzelako. Euskaldunean hobeto hasi nintzen, Eibarren, eta puntu nahikotxo lortu nituen. Dena den, nire asmoa da Sara Martin taldekideari laguntzea, hura baitoa aurretik. Horrek ez du esan nahi nik postu onen bat egin ezingo dudanik Euskaldunen probaren batean.
Talde berria zarete; zelan daroatzazue konfiantza eta elkarlana?
Horrelakoetan zuzendariei eta taldekideei konfiantza hartzea kostatzen da, baina hobetzen goaz, apurka-apurka.
Zein da zure beharra taldean?
Ohikoena da besteentzat behar egitea, kar, kar. Baina lantzean behin aukera izaten dut leku onen bat egiteko. Orain arte, errodadore-lanetan ibili naiz, baina gaur egun, Xuban [Errazkin] nire mutil-lagunaren atzetik noanez egun osoan, profil eskalatzaileagoa daukat. Oso azkar eroaten nau eta bost kilo galdu ditut! Hala ere, Biran… gurasoei esan diet hasia naizela pentsatzen eskalatzailea ere ez naizela, bertan ipini diguten erritmoa ikusita.
Zelakoa izan zen Elkar Kirolak txirrindularitza-eskolaren taldeetatik Sopelarako jauzia?
Asko ikasi nuen Humberto Gómez eta Eneritz Iturriagagaz. Garrantzi handia dauka irakaspen onak txikitatik izateak, eta oso pozik ibili nintzen Mendiz Mendi eta Balmasedana taldeetan ere. Sopela Women’s Team taldeagaz oso eskertuta nago eman dizkidaten aukeragatik eta konfiantzagatik. Lasterketa ia denetara eroan naute: denetan parte hartu izan dut, Txinako Guizhou Nazioarteko Panoraman izan ezik, eta bitartean Espainiako Kopako proban egon nintzen. Oso pozik nago.
Ziklokrosa eta lesioa
Joan den abenduan, Enara Lópezek beste txapel bat jantzi zuen: Euskadiko Ziklokros Txapelketarena, maila absolutuan. Gazteari errepidea "luzeegia" egiten zitzaion eta ziklokroseko denboraldia, berriz, "laburregia" iruditzen zitzaion. "Izugarri" gustatzen zaio ziklokrosa Lópezi: "bizikletan ibiltzen hasi nintzenetik, menditik ibili naiz ziklokroseko bizikletan, nire anaiagaz lehenengo eta mutil-lagunagaz geroago. Ia nire bizitza osoa eman dut horrela".
Joan den abenduko garaipena berezia izan zen bilbotarrarentzat, lesio batek urte biz baldintzatuta egon zelako aurretik: "Peronea hautsi nuen, baina hausketa baino gehiago leherketa bat izan zen", ekarri du gogora. Hezurra birkokatu behar izan zioten, "apurka-apurka". Urte bian min handiak izan zituen, eta pentsatu zuen txirrindularitza utzi beharko zuela. Medikuek ere esan zioten ezin izango zuela bueltatu txirrindularitzara, txarto zeukala hanka. Urte bat behar izan zuen oinez ibiltzeko. Gainera, ziklokrosean jardutea oraindino gogorragoa da lesioetarako. Aukera eduki zuen bueltatzeko, "konstantziari esker", Manu González bere prestatzaileak dioenez. "Irmotasun horri esker lortu izan dut Sopela taldean egotea", azaldu du Lópezek.
Txinako Guizhou Nazioarteko Panoraman izan ezik, Sopelako Women´s Team lehiatu den proba denetan egon da López.