Elkarrizketak

Pirritx, Porrotx eta Marimotots: "Herrigintza eta irrigintza uztartu nahi ditugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko urr. 10a, 08:00

Euskara eta zoriontasuna eskutik doaz Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat. Motxila kargatu barik, zama sentitu barik, gure hizkuntzatik eta alaitasunez mundua aldatu daitekeela uste du Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez lasartearrek osatutako pailazo-hirukote beteranoak.

Zelan sortu zitzaizuen aukera pailazoen munduan sartzeko?

Mertxe Rodriguez Serrano (Marimotots): Ni antzerkiaren mundutik nator eta, egun batean, Joxe Marik galdetu zidan ia prest egongo nintzakeen Amona Josefinaren papera egiteko beraien ikuskizunean. Nola ez, aukera hori ikusita, segituan esan nuen baietz. Amona Josefinaren baserrian ikuskizuna egiten hasi nintzen, hurrengo urtean beste pertsonaia bat izan zen, hurrengoan beste bat... eta orain dela 8-9 bat urte, Takolok taldea utzi zuenean, sortu zen Marimotots. Oso labur esanda hogei bat urte daramatzat taldean.

Euskalgintzatik datorren taldea da, ezta?

Aiora Zulaika Soroa (Pirritx): Bai. Euskararen inguruko ekimenak egin beharra zegoen duela 31 urte Lasarte-Orian; oso herri erdalduna zen, eta umeak ere erdaldunak ziren, asko Espainiako hainbat lekutatik Michelin enpresara etorritakoak. Beti esaten dugu gurpilek elkartu gaituztela gu hirurok, bertan egin zutelako lan gure aitek. Porrotxena etorkina zen, Errezildik etorria; Marimototsena Cáceresetik etorri zen; eta gurea bertakoa da. Esan bezala, euskalgintzak elkartu gaitu, euskarak elkartu gaitu; taldea sortu zen Olentzeroren festa baten inguruan zerbait dibertigarria egiteko eta, gauzak nola diren, egun baterako festa zena hiru hamarkadako abentura ederra bilakatu da. Porrotxek 31 urte daramatza; handik hamaika urtera izan nuen nik taldean sartzeko aukera. Ordurako taldeak bazeukan ospea, eta niretzat ikaragarria izan zen herriko pailazoekin ibilbide bat hastea. Hemen jarraitzen dugu.

Joxe Mari Agirretxe Kerexeta (Porrotx): Herrigintza eta irrigintza uztartu nahi ditugu. Gainera, euskara alaitasunarekin lotu nahian jaio ginen. Hasieran pailazogintza klasikotik abiatu ginen, eta poliki-poliki konturatu ginen euskaraz eta alaitasunaz gain baloreak landu daitezkeela sudur gorriaren atzetik. Orduan hasi ginen herrigintzatik edaten: egunkarietatik, irratietatik eta, batez ere, bizipenetatik istorioak sortzen. Azkenean konturatu gara edozein gai, esate baterako gaixotasuna, munduaren egoera korapilatsua, kultur aniztasuna, ekologia, askotariko familia-ereduak... landu daitezkeela sudur gorriaren atzetik. Eta ez bakarrik edozein gai. Herrigintzatik edanez, iturria agorrezina da: abestietarako, istorioetarako, bizipenetarako... Denetarako ematen du.

Irribarreakaz errazagoa da umeei holako baloreak irakastea?

A.Z.: Guk irakatsi baino partekatu egiten ditugu.

JM.A: Azken finean, gure helburua da Euskal Herria eta euskal irria izango denak denontzako mundu batean tokia izatea. Koloretako mundu bat nahi dugu; herrien, hizkuntzen, kulturen mundua nahi dugu; mundu nolabait ekologikoa, gaur egun ez dena. Eta helburua zoriona eta irria izanik, umorea lantresna garrantzitsua da hori lortzeko.

A.Z.: Umorea ez da algara edo txiste bat bakarrik; harago doa. Guretzat afizioa ez da bakarrik ofizio bilakatu: bizitzeko modua, bizitza-ikuskera eta bizitzari aurre egiteko era bihurtu da. Hori guztia partekatzen saiatzen gara herriz herri eta ingurukoekin; etxetik bertatik hasita saiatzen garela esango nuke nik.

JM.A.: Esango nuke, ametsetan ere bizitzan egoteko, bizitzan jarduteko eta bizitza ulertzeko modu bat dela umorea, errespetuzkoa, eraikitzailea eta aurrerakoia.

Beraz, zuon lana ez da amaitzen aurpegia garbitzeaz eta sudur gorria kentzeaz batera?

JM.A.: Ez da hor bukatzen. Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun taldean ari ginenean, ekin egiten genuen; pailazogintza izan zen osotasun horren zati bat. Gerora ere, nahiz eta profesionalizatu, herrigintza hor dago; batez ere guretzat iturri agorrezina eta Euskal Herrian daukagun altxorra delako. Bestalde, guretzat, hizkuntza ez da elkarrekin komunikatzeko tresna soil bat; baloreak transmititzeko bide bat da. Ez da kasualitatea gure bertsolariek, idazleek eta abeslariek zer mezu eta zer gai jorratzen duten, zer mundu-ikuskera duten... Zerbait komuna da. Horrek eramaten gaitu pentsatzera, mundua aldatzekotan, txikitasunetik aldatu nahi badugu, guk badaukagula zeresan handia horretan guztian. Horrek ez du esan nahi motxila kargatu nahi dugunik gure bizkarren gainean.

A.Z.: Motxila kargatzea baino, esango nuke euskaldunon beste ezaugarri bat dela auzolana; gure lan egiteko modua da eta oso aberasgarria izan da urte hauetan guztietan, bai elkarteekin lan egin dugunean, bai sortzaile andanarekin (bertsolari, idazle, margolari, diseinugile...) aritu garenean.

Zer duzue gogokoen pailazoak izateaz?

A.Z.: Pertsonaiak ematen didan askatasuna da gehien atsegin dudana; erabateko askatasuna da. Gainera, lotura handia dauka umearekin; umeak oso askeak dira. Pertsonak dauzkan muga guztiak gainditzen ditu pertsonaiak; izan ere, gizarte batean funtzionatu behar duzu, kanon eta rol batzuk bete behar dituzu... Nolabait, inguruak hegoak mozten dizkizu, eta zuk zure buruari ere bai. Pertsonaiak izugarrizko askatasuna ematen dizu.

JM.A.: Lehen esan dugun bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots jaio zirenean, guk guretik eman genien: hitz egiteko modua, pentsaera, sentimenduak... Eta poliki-poliki pertsonaiak hasi zitzaizkion pertsonari ematen. Besarkadak ematen dituzunean, une horretan bizitzen ari zaren horrek betetzen zaitu; eta konturatzen zara pertsona bezala ere jokatu dezakezula. Aiorak esan duen bezala zure hegoak moztu gabe, zure haur hori bazterrean utzi gabe.

M.M.: Horretaz aparte, erdal-mundutik etorrita, euskara nahiko heldua nintzenean ikasi nuen nik.

JM.A.: Horregatik dago talde honetan Marimotots; eredu bat iruditzen zaigu euskal herritar askorentzat.

M.M.: Horretaz guztiaz aparte, nik ezagutzen ez nuen bizimodu ezberdin bat aurkitu nuen. Gaur egun, hizkuntzaz aparte horren atzean dagoen guztia ezagutzen dut: Euskal Herria hizkuntzaren bidez ezagutu dut.

Bizimodu bat izanda, noiz utziko diozue pailazoak izateari?

JM.A.: Txantxetan esaten dugu, hiltzen garenean, bi zulo egin beharko dituztela hilkutxaren aurrealdean, zapatak ateratzeko.

A.Z.: Hori Porrotxek esaten du. Kar, kar.

M.M.: Nik ez dut horrelakorik behar; nire zapatak tamaina arruntekoak dira. Kar, kar.

JM.A.: Egia da hau guretzat ofizioa baino gehiago dela. Lanbide moduan pentsatuko bagenu laster jubilatu behar dugula, agian jubilatuko gara nomina bat izatetik; baina nik uste dut hil arte joango garela elkarrekin Joxe Mari eta Porrotx, Aiora eta Pirritx zein Mertxe eta Marimotots. Pailazo hori izateari ezingo diogu utzi, dagoeneko bagarelako.

M.M.: Beste kontu bat da oholtza gainean egongo garen.

A.Z.: Bai, hori ere egia da, dagoeneko gazte-gazteak ez gara eta. Kar, kar, kar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun