Daborduko urteak dira Sopelan mural politikoen topaketa egiten dutela; maiatzaren 5ean izan zen azkena, Horma gris isil asko aldarrikapen eta kolorez betez goiburuaren pean. Parte hartu zuten kolektiboetako kideetako batek adierazi duenez, ordea, "zapore gazia izan zuen egunak". Ertzaintzak bederatzi lagun identifikatu zituen eta mozal legea aplikatu zien. Horren ondorioz, bakoitzak ehun euroko isunari aurre egin behar izan dio.
Baina, isunez gainera, Getxoko Justizia Jauregian epaiketa egingo diete lagun horiei guztiei, urtarrilaren 15ean, Sopelako Udalak aurkeztutako salaketa dela eta. "Kontua da eurek egin zuten lehendabiziko gauza horma-irudiak ezabatzea izan zela; eta, euren ustez, identifikatutako bederatziok gara horren erantzule. Horren arabera, guk ordaindu beharko genituzke garbiketa-gastuak. Hala ere, gure abokatua baikorra da eta hark dioenez hori ez da horrela; beraren ustez ez dugu ordaindu behar izango", azaldu du salatutako bizilagunak. Bederatzi salatuei kalte-delitua leporatzen diete, baina dirudienez, Kode Penalean kategoria horretan zerrendatutako delituen artean ez da ageri eurek egindakoa. "Salatu izan bagintuzte fatxada itsusteagatik, pentsatzen dut prozedura beste bat izango zela. Holako salaketa ipini digute gu erantzule egiteko", azaldu du zentsuraren aurkakoak. Udalaren arabera, 2.000 eurotik gorakoa izan zen garbiketa-gastua. Gizarte-lanez ordezkatu ei daitezke holako isunak.
"Zentsura nagusi"
Isunak eta epaiketa salatzeko, irailaren 29an, Zertsuraren Aurkako Egunean egindako muralengatik Sopelako Udaltzaingoak beste gazte bat identifikatu zutela jakinarazi dute antolatzaileek. Zitazio judiziala ere heldu ei zaio. Hala ere, oraindino ez dakite zer leporatzen dioten. Bitartean, udal-taldeakaz berba egin ostean, azaroko udal-batzarrean mozioa aurkeztuko dute maiatzaren 5ean identifikatutako bederatzi lagunek. Osoko bilkura hasi aurretik elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.
Udalak "garbi" dauka
Sopelako alkate Gontzal Hermosillak adierazitakoaren arabera, "pintaketak udal-eremuan egin ziren ezelako baimen barik. Pintaketa horien garbiketak kostu bat dauka, eta Ertzaintzak horien egileak identifikatu zituen. Beraz, ez dauka zentzurik sopeloztar denek garbiketa-lan horien kostua euren gain hartzeak; arduradunei dagokie hori". Agintariak gaineratu duenez, "pintaketen edukiez ez dugu iritzirik emango, Ertzaintzaren esku dago hori".