Floridan jaio arren, lau urtegaz etorri zen Euskal Herrira Yolanda de Miguel, eta haurtzaroa eta nerabezaroa aitaren jaioterrian igaro zituen, Algortan; ama, ordea, eskoziarra du. Kimika ikasi zuen de Miguelek, eta Cambridgeko eta Londreseko unibertsitateetan ibili zen irakasle eta ikerlari lanetan.
2003an, bizitza erabat aldatzea erabaki zuen, Euskal Herrira itzuli baitzen nanoteknologian ikertzeko: "Munduko hiritarra naiz ni, eta ez daukat sustrairik". Sopelan bizi da gaur egun, eta bertan bizitzeak abantailak dituela esan digu: "Diru gutxiago irabazten dut, baina oso gustura nago. Etxetik hondartzara oinez joateak egiten nau zoriontsu".
Nanoteknologiaren munduan murgilduta daroatza hamabost urte baino gehiago; gaur egun, 120 ikerlari inguruk osatzen duten kluster baten zuzendaria da, Tecnalia korporazio teknologikoan. Buru-belarri dabiltza lanean, sendagai berriak eta produktu iraunkorrak sortzeko asmoz. Asmakari biren patentatzailea da Yolanda de Miguel daborduko; nano-partikulakaz aireari kutsadura kentzea lortu du. "Gauza txikiei arreta emateak gauza handiak ekar ditzake", azaldu digu.
Harrigarria bada ere, denbora librea du eta DJ da: "Hobby-a da, baina oso gustuko dut musikarekiko dudan maitasuna transmititzea". Lan-eremura itzulita, zuzendaritza-esparruetan emakumeek egon behar dutela dio: «Goian egon behar dugu, erabakitzeko ahalmena izan behar dugu guk ere»