Udal-hauteskundeak 2019

Elkarrekin Podemosen hautagaitza aurkeztu dute maiatzeko udal-hauteskundeetarako

Unai Brea 2019ko api. 1a, 11:40

© EQUO BERDEAK

EAE osoan hiru alderdiek egindako akordioaren ildotik, Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeak-ek bat egin dute Sopelan ere, Elkarrekin Podemos izenagaz koalizioan aurkezteko maiatzaren 26ko hauteskundeetara. Manuela Ruiz Vivanco da zerrendaburua.

Domeka eguerdian Udaletxeko plaza egindako ekitaldian, Elkarrekin Podemosek Sopelarako duen programaren oinarrizko ardatzak ezagutarazi zituen: Zipiriñe eta Iberre ikastetxeetako arazoa konpontzea, etxebizitza soziala, enplegua, jasangarritasuna, herritarren parte-hartzea, euskara, gardentasuna eta berdintasuna.

"Bestelako herri-eredu bat" lortu gura dutela adierazi zuten koalizioko kideek, "pertsona guztiekiko eta ingurumenarekiko errespetua duena". Udalaren baliabideak bestela kudeatzearen aldeko apustua ere aldarrikatu zuten, politika sozialei ahalik eta garrantzirik handiena emanez, krisiak kolpatutakoei laguntzeko.

Bestalde, sopeloztar denek udalaren bizitza publikoaren parte-hartzaile aktibo izan daitezen mekanismoak sortzeko beharra azpimarratu zuten aurkezpenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun