Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeei begira: Sopelan bat egin dute eskolak handitzeko helburuagaz

Ainhoa Bretos 2019ko mai. 9a, 00:23

Zipiriñe eskola eta Iberre institutua handitzea da aurtengo udal-hauteskundeetara Sopelan aurkeztuko diren alderdi gehienek errepikatu duten helburua. Horrez gain, udalerriko trafiko arazoak konpontzea eta etxebizitza publikoak eskaini gura dituztela ere aipatu dute hainbatek.

Sopelako udalerriak hamazazpi zinegotzi dauzka gaur egun, horietatik zazpi EAJ-renak dira, eta sei EH Bildurenak. Denok Batek bi ditu guztira, eta zinegotzi bana PSE-EEk eta Orain Sopelak. Historikoki, Uribe Kostako herri guztietan irabazi ditu EAJk hauteskundeak beti, behin izan ezik. Izan ere, 2011n EH Bilduk garaitu zuen Sopelan. Apirileko hauteskunde-orokorretako datuak kontuan hartuta, bestalde, Podemos litzateke bozkak zenbatuta udalerriko bigarren indarra, EAJren atzetik.

Hautagaitzak

Gaur egun ordezkaritza duten alderdietatik Orain Sopela da aurtengoetara aurkeztuko ez den bakarra, eta errepikatu egingo dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Denok Baterak. EAEn egindako akordioaren ildotik, Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeak-ek bat egin dute Sopelan ere, eta Elkarrekin Podemos izenagaz koalizioan aurkeztuko dira hauteskundeetara. Azkenik, hautagaitza aurkeztuko du PPk berriz ere. Azken honek zinegotzi bat irabazi zuen 2011ko udal-hauteskundeetan, 2015ekoetan, aldiz, bat ere ez. Maiatzaren 26ko datuetan arreta ipintzen badugu, ez du ematen oraingoan ere lortuko duenik, izan ere, 270 bozka besterik ez ditu lortu (%3,28). 

Alkategaiak

EAJko Gontzal Hermosilla da gaur egun Sopelako alkatea. Aste bakar batzuk besterik ez zaizkio falta lanpostu horretan, bestalde. Izan ere, Josu Landaluze aurkeztuko du EAJk alkategai. 2011n ere hura izan zen alderdiaren zerrendaburua, eta hori baino lehenago alkateordea.

EH Bildutik Unai del Burgo sopeloztarra aurkeztuko dute alkategai, 2018ko urritik talde horretako zinegotzia da Sopelako Udalean, aurretik zegoen kide bat ordezkatuta. Udalerriko hainbat talde eta esparrutan ibilitakoa da alkategaia, eta haren ibilbidea ekonomiari, unibertsitateari eta euskalgintzari lotuta dago gehienbat.

Jon Gerediaga aurkeztuko du Denok Baterak alkategai berriz ere, 2015eko udal-hauteskundeetan ere bera izan baitzen zerrendaburu, eta bozeramaile dihardu ordutik.

PSE-EEk ere hautagaitza errepikatuko du, eta Teresa Fernandez aurkeztuko du berriz ere alkategai. Gaur egun, PSE-EEk Sopelan duen zinegotzi bakarra da Fernandez, eta Enplegu eta Ekonomia Sustapen Arloa kudeatzen du.

Elkarrekin Podemoseko zerrendaburua Manuela Ruiz Vivanco izango da. Azken legealdian, Denok Baterako zinegotzia izan da Ruiz, lehenago zegoenak dimititu ondoren. PPk, azkenik, Berta Rodriguez aurkeztuko du alkategai. Esan bezala, alderdiak ez du ordezkaritzarik gaur egun udalerrian. Hala ere, udaleko zinegotzia izan zen Rodriguez 20032007, 2007-2011 eta 2011-2015 legealdietan.

Zinegotziak

Hainbatek errepikatuko duten arren, aldaketa handiak daude zinegotzi-zerrendetan. EAJtik Naiara Ibarzabal da gaur egun zinegotzi diren zazpietatik berriz zerrendetan aurkeztuko den bakarra. EH Bildutik, aldiz, Willy Vio, Ander Moreno, Juan Maria Sanchez eta Mikel Tapia zinegotziek errepikatuko dute hautagaitza. Denok Baterak zinegotzi bitik bat aurkeztuko du berriz ere, Jon Gerediaga alkategaia, hain zuzen ere, eta PSE-EEk, esan bezala, duen zinegotzi bakarra aukeratu du berriz ere zerrendaburu. Daborduko, udal-hauteskundeetako programa prestatu du alderdi bakoitzak.

Ordezkaritza dutenen programak

Josu Landaluzeren arabera, Sopelak bulkada behar du, izan ere, bere ustez gauza asko dago hobetzeko, lehenik eta behin udal-mailan, ondoren udalerrian islatu dadin. Azaldu duenez, hamar ildo ditu alderdiak: Urko kiroldegia berriztea, Zipiriñe eskola handitzea, babes-ofizialeko etxebizitzen garapena, kultur-labotaregia sortzea, espazio publikoak hobetzea, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, Iturrieta pilotalekua estaltzea, birziklapenerako eta hondakinen kudeaketarako politika aktiboa sortzea eta garapen ekonomikoa. Horrez gain, turismoa dela eta, surf arloa indartu behar dela uste du Landaluzek, Sopelako industria kostaldean dagoela baitio.

EH Bilduri dagokionez, hirigintza eta mugikortasun eredua aldatzea da datozen lau urteetako proiekturik garrantzitsuena Unai del Burgorentzat. Azaldu duenez, oinezkoentzako guneak sortu eta trafikoa herritik murriztu gura dute, ekipamendu egokiak indartu kultura, kirol eta aisialdian, bai ume, heldu eta nagusientzat. Etxebizitza politika aldatu gura dute ere, naturgunean (batez ere kostaldea) babestuz. Azken batean, EAJren herri-ereduagaz bat egiten ez dutela dio alkategaiak: "Etxebizitza elitistak, txaletak, trafikoa, hormigoia, multinazionalen azpi-kontratazioa, merkatal zentro handiak, euskara alorrean eta parte-hartzean makillajeak... Herria txarto antolatuta dago, handitzen etengabe eta ez, ordea, hobetzen".

Denok Bateraren proposamenak ere antzekoak dira: ikasketa-zentro publikoak handitu gura dituzte, trafiko eta aparkalekuen arazoari irtenbideak eman, irisgarritasuna hobetu, tokiko enplegua eta tokiko ekonomia indartu, autonomoak eta bertako merkataritza-guneak lagunduz, etxebizitza publikoen alokairua sustatu, herritarren parte-hartzea bultzatu, giza-integrazioa eta pertsona guztien eskubideak bermatu, nagusien bizi-kalitatea hobetzeko neurriak hartu, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, gazteentzako jarduerak antolatu, animalien ongizatea zaindu, surfa eta turismoa sustatu, bidegorriak sortu, eta hondakinen kudeaketa hobetu.

PSE-EE-k, bere aldetik, enplegu duina bermatzen duen lege baten alde egingo duela esan du, baita hezkuntza eta osasun publikoaren alde ere.

Elkarrekin Podemosek ez du alderdi moduan ordezkaritzarik orain, baina zerrendaburua Denok Baterako zinegotzia izan da azken legealdian. Alderdiak azaldu duenez, Sopela eraldatzeko asmoz aurkezten dira hauteskundeetara. Beraien hauteskunde-programak bost ardatz nagusi ditu: herri eredua, eskubide sozialak eta ekitatea, demokrazia eta gardentasuna, berdintasuna eta, azkenik, herritarron parte-hartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun