Elkarrizketak

Amaia Aretxaga (Bikarte): "Handik kanpo 40 egun igarotzeak bi urtez luzatzen die bizitza Bielorrusiako haurrei"

Unai Brea 2019ko mai. 22a, 11:01

Zazpi eta hamazortzi urte bitarteko umeak ekartzen ditu Bikartek udan. © BIKARTE

Bikarte elkartea 1997tik dabil Txernobyleko (Ukraina) hondamendiaren ondorioz erradiazioa jasaten duten umeei laguntza eskaintzen, batez ere udan eta Gabonetan EAEra ekarriz. Barikuan, Amaia Aretxaga presidenteak berbaldia emango du Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, udako egonaldirako ume horiek etxean hartuko dituzten familiak erakartzeko asmoz. Elkarteak egiten duen beharraz eta Bielorrusiako umeen egoeraz egin dugu berba.

18:30ean hasiko da Amaia Aretxagaren berbaldia etzi, maiatzaren 24an, Kurtzion. Horregaz batera, Los niños da Bragin dokumentala emango dute, Bielorrusiako Bragin eskualdeko umeek jasaten duten egoera gordina erakusten duena. 

Zertan dihardu Bikarte zehazki?

Irabazi asmorik gabeko ongintzazko elkartea gara, eta bertan gabiltzan guztiok boluntarioak gara. Batez ere Bielorrusian Txernobyleko hondamendiak kaltetutako eremuetako haurrak (7 eta 18 urte bitartekoak) ekartzen ditugu aldi baterako. Herrixketan bizi dira, eta etxeetan ez dute txorrotako urik, ez komunik, ez ezer. Alkoholismo-arazo larria dute, eta pobrezia ikaragarria, erradiazio handiaz gain. Kontua izan beharra dago Txernobyleko erradiazioaren %70 Bielorrusiara joan zela.

Han bertan ekintzari egiten duzue, umeak ekartzeaz gain?

Minsk hiriburutik 40 kilometrora dagoen haurrentzako ospitale onkologikoaren zati bat berrosatzen lagundu dugu, besteak beste. Ospitale horrek 300 ohe ditu, eta hala ere larri dabiltza heltzen zaizkien haur guztiak artatzeko. Minbizia dute umeentzat kanpaleku bat ere egin dugu, eta orain, ekainean, haurren bila goazenean, laguntza eroango dugu gaixotasun mentalak dituztenentzako egoitza batera. Dena den, gure lehentasuna da hemengo jendeari ikusaraztea zer garrantzitsua den udan haurrak hartzeko familiak izatea. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, handik kanpoko 40 egun igarotzeak bi urtez luzatzen die bizitza.

Aipatu dituzun pobrezia eta bazterkeria bazeuden Txernobyleko hondamendiaren aurretik edo hark larriagotu ditu?

Neurri batean istripuak eragindakoak dira. Han esan digutenez, hondamendia gertatu zenean ezin izan zuten, edo ez duten nahi izan, herrixketan bizi ziren guztiak bertatik atera. Gainera, orain badakigu luzaroan ezkutatu zutela erradiazioaren eraginari buruzko informazioa. Kontua da esaten hasi zirela alkoholak, eta batik bat vodkak, erradiazioaren eragina arintzen laguntzen duela.

Istripua 1986a izan zen. Erradiazioa hor dago oraindino?

Bai, eta egongo da. Zesio-37a guztiz desagertzeko ehunka urte pasatu beharra dago. Guk haurrak ekartzen dituguenean, hango aireportuan bertan, erradiazioa neurtzen diegu, eta bueltan hara eroatean, berriro. Ikusten da hemengo egonaldiak erradiazio hori gutxitzen duela haiengan. Bestela ere, aldea nabaritzen da handik ateratzen diren eta han geratzen diren haurren artean, ez osasun-kontuetan bakarrik. Hemen ikusten dute bizi daitekeela beste era batera, alkohola ez dela bidea, eta egon daitekeela garrasi eta tratu txarrik gabeko familietan. Eskoletan esaten digute hemen egondakoek autoestimu handiagoa izaten dutela, eta ikasteko gogo handiagoa. 

Zer kalte zehatz egiten dio erradiazioak osasunari?

Batez ere bihotzeko arazoak, tiroide-minbizia eta leuzemia. Hango osasun-sistema ez da gai arazoari behar bezala aurre egiteko, eta gainera haur asko oso urruneko herrixketan bizi dira, ospitalera iristeko kotxez sei ordura daudenak, eta kotxerik ere ez dute. Oso egoera zaila da haientzat. Eta ehunka mila lagun bizi diren eremuaz ari gara.

Barikuko berbaldian jendea sentsibilizatu gura dituzue umeak har ditzaten. Zaila da egonaldirako familiak lortzea?

Bai. Askotan ez-ezagutza da arrazoia. Bada uste duenik familiarentzat kostu ekonomiko handia izango duela, eta ez da hala, Bikarteren kasuan behintzat guk ordaintzen dugu %80. Kontuak kontu, inoiz ez dugu lortzen ikusten ditugun haur guztiak hartzeko familia-kopuru nahikoa, urtero joaten gara hara eta urtero ikusten ditugu haur berriak. Ondorioz, ekartzen ditugun guztiak benetako beharra dutela bermatzen saiatzen gara.

Zenbat ekarriko dituzue aurten?

68l, horietatik hamabi lehenengo aldiz. Uribe Kostara bospasei etorriko dira, baina bakar bat ere ez Sopelara, horregatik eman nahi dugu hitzaldia bertan.

Zuek hara joaten zarete urtero, eta egun batzuk ematen dituzue bertan. Neurririk hartzen duzue erradiazioaz babesteko?

Ez dago neurririk. Ahalik eta denbora laburrena ematea da neurri nagusia; guk astebete ematen dugu, ez da hainbeste. Erradiazioz kutsatutako janaririk ez jatea litzateke beste neurri bat, baina han egonda ezinbestean bertako baratzeko janaria jan beharra dago, ez dago besterik; Espainia pobreko orain dela 70 urteko herrietan bezala daude, isolatutako herrixketan bizi dira. Han gauden egunetan eutsi beharra dago; astebete bat baino ez da, eta gero gu hemengo erosotasunera itzultzen gara, janari garbia jatera... Inoiz, han egon eta gero, neurtu izan dugu erradiazioa, eta pixka bat handiagoa da ohikoa baino, baina haiek jasaten dutenarekin konparatuta hutsaren hurrengoa da hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun