Udako jaiak 2019

Sopelako lehenengo Argazki Rallya egingo dute San Pedro jaietan, ekainaren 29an

Erredakzioa 2019ko eka. 26a, 11:51

Uribe Kosta Fotografia elkarteak Sopelako I. Argazki Rallya antolatu du San Pedro egunerako, bertako Udalaren laguntzagaz. Lehiaketan parte hartzen dutenek jaiakaz zerikusia daukaten hiruna argazki egin beharko dituzte.

Sopelako jaien egitarauaren barruan sartu dute lehenengo argazki-lehiaketa, eta aurkezten diren irudiek jaien ingurukoak izan beharko dute, hain zuzen. Adinez gorako edozeinek hartu ahal izango du parte, eta lehiakide bakoitzak hiru argazki aurkeztu beharko ditu, kalitate handiko JPG formatuan, editatu barik eta kameraz eginda (ez da onartuko telefonoagaz egindako erretraturik).

Goizeko 09:00etatik 190:00etara izango da izen-ematea, Udaletxeko sarreran, eta leku berean jasoko dira argazkiak 13:00ak eta 14:00ak bitartean. Izena emateko momentua adieraziko da zeintzuk izango diren argazkien hiru gai zehatzak, eta gai bakoitzeko argazki bana aurkeztu beharra egongo da.

Epaimahaia Uribe Kosta Fotografiak aukeratutako hiru pertsonak osatuko dute, eta ezin izango da euren erabakian aurka egin. Sariak kategoria bitan banatuko dira, orokorra eta Sopelakoa, eta irabazleak ezin izango du bera izan bietan. Maila orokorrean hiru sari emango dituzte, 150, 100 eta 75 eurokoak hurrenez hurren, eta herriko argazkilari onenari berriz, 175 euroko sari bakarra emango diote.

Irabazleen argazkiak Kurtzio Kultur Etxean paratuko dituzte urrian egingo den erakusketa batean.

Informazio gehiago: uribekostafotografia@gmail.com

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun