Elkarrizketak

"Meteorologo onak dira iragarpenak asmatzen %80ko efizientzia dutenak"

Kerman Santiago Alkorta 2019ko urr. 10a, 08:15

Softwarean eta paperean ebatzitako ekuazioen artean egiten du lan Románek, Sopelako bulegoan. HODEI TORRES

Deia-n, Radio Popularren eta El Mundo-n egiten du eguraldi-iragarpena egunero Edorta Román Ibáñez-Labustak. Mende laurden daroa atmosferari begira 1970ean jaiotako fisikari sopeloztarrak.

Meteorologo onak dira, Edorta Románen berbetan, estudioetara heltzen diren datuak interpretatzen dakitenak eta iragarpenak asmatzen %80ko efizientzia dutenak. Atmosferaren egoeraren berri ematen dizkieten eredu meteorologiko-informatikoek asmatzeko %70eko probabilitatea baino ez dute. "Ni busti egiten naiz beti", esan digu sopeloztarrak.

Mende-hasieran Sirimiri enpresa sortu zuen, gaur MeteoBit izena duena. Hiru langilek osatzen dute taldea, eta software eta paperean ebatzitako ekuazioen artean egiten dute lan Sopelako bulegoan. Noticias taldeko hedabideakaz ez ezik, Vocento taldeko zenbait egunkarigaz ere jarduten dira noizbehinka; ABC eta El Correo-gaz, besteak beste. Gainera, Baleuko telebista-produktoragaz "eguraldi-gizon birtual" bat sortzen saiatzen dabil Román, avatar bat, alegia. Eguraldi-iragarpena telebistan egiteak gastu handia dakarrela azaldu digu, eta produktua "etorkizuneko berrikuntza" izango delakoan dago. 

Gauden-gaudenean, meteorologoak ez du beste albo batera begiratzen klima-aldaketaren auzian: "Planeta salbatu nahi badugu, trantsizioa egin behar dugu; eguzki-energia eta energia eolikoa sustatu, esfortzu ekonomikoa oso handia izango bada ere". Hala ere, Románek adierazi digu ez datorrela bat Nazio Batuen Erakundeak emandako datu denakaz: "2100ean itsas-maila metro bat baino gehiago igoko dela esatea ez zait egokia iruditzen, ziurgabetasun handia dago oraindik". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun