"Zipiriñeko espazio-arazoei aurre egiteko zer irtenbide proposatzen du Eusko Jaurlaritzak?" galdera erregistratu zuen EH Bilduk Jaurlaritzan uztailaren 18an, euren webgunean adierazi dutenez. Jasotako erantzunari onartezina irizten diote: Hezkuntza Sailak ikastetxe horri eragin diezaiokeen bilakaera demografikoa aztertzen ari dela esan die.
Zipiriñen leku-faltak eragindako arazoez ohartzeko demografiaren bilakaera aztertu beharrik ez dagoela erantzun du EH Bilduk. "Eskolako sarreran dauden barrakoiak ikusi besterik ez da egin behar". Gaineratu dutenez, Zipiriñe eskola ez da ageri Hezkuntza Sailaren 2019-2023 epealdirako inbertsioen plangintzan, "bai ordea udalek eskoletan egiteko diru-laguntzen zerrendan, eta bertan 'modulu prefabrikatuan zimenduak jartzea' aipatzen da. Barrakoiak!".
Sopelako ikastetxe publikoen azken urteetako gatazkan izan duten jarrera birgogoratu du EH Bilduk (Loroño inguruan ikastetxe berria eraikitzea mahaigaineratu dute), eta beste pauso batzuen artean, herriko hezkuntza-komunitateko eragile denen iritzia jasotzea eta Hezkuntza Sailagaz lehenbailehen bilera egitea proposatu du talde abertzaleak.