"Alokatzeak diruz laguntzetik harago joateko" eskatu du Sopelako EH Bilduk

Unai Brea 2019ko urr. 29a, 12:59

Sopelan zein etxebitza dagoen hutsik aztertzea gura du EH Bilduk. CC-Zarateman

Sopelako Udalak joan den astean iragarri zuen 40.000 euroko diru-laguntza bideratuko duela alokairuak ordaintzen laguntzera. EH Bilduk erantzun du laguntzea bakarrik ez, etxebizitzak "prezio sozialagoetan" alokatzeko baldintzak sortzea izan beharko lukeela helburuak. Sopelako etxebizitza hutsak zeintzuk diren jakiteko azterketa ere eskatu dute.

EH Bilduk azpimarratu egin du Udalak emango duen 40.000 euroko diru-laguntza euren ekimenez aurreikusi zela 2017ko aurrekontuetan (ordutik hona kopurua handitu ez dela nabarmendu badute ere), eta adierazi du urte hartako aurrekontuetan etxebizitza hutsak identifikatzeko azterketa bat egiteko 15.000 euroko gastua ere onartu zela, baina hori ez dela oraindino egin.

Azterketa horren bidez, Sopelako etxebizitza hutsak zeintzuk diren jakin, euren ugazabakaz harremanean jarri eta etxebizitza horiek premia duten sopeloztarrei alokairuan eskaintzea sustatu gura zen, koalizioaren esanetan. Ildo horretan, etxebizitza hutsak alokatu ahal izateko  maiatzeko hauteskundeetarako aurkeztutako programan hainbat neurri (Eusko Jaurlaritzako Alokabide zerbitzuaren bitartekaritza eta guzti) proposatu zituztela gogorarazi dute, eta horregaz batera, etorkizunean eraikiko den Abaroko gunean babes ofizialeko etxebizitza gehien kontzentra dadila eskatu dute.

"Gazteei bakarrik ez, 'bizitzeko' (berbaren esangura literalean) zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuei eta orokorrean herritar denei etxebizitza eskuratu ahal izatea erraztea da helburua", gaineratu du EH Bilduk. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun