Koalizioak arkitekto independenteei eskatu die aurreproiektua, "garapena ahalik eta profesionalen eta objektiboen izan zedin", argitu dutenez. Aurkeztutako proposamenak "gune zabalak eta naturagaz harremana" eskaintzen dituela azpimarratu dute, "gaur egun pedagogian indarra duten joerakaz bat eginda". Haur Hezkuntzako eraikin berriak solairu bi eta 110 autorako lurpeko aparkaleku bat edukiko lituzke, eta proiektu osoak "Loroño, Zabalbide eta Lemotza errekaren ingurua" berrosatzeko balioko luke, EH Bilduren esanetan.
Eraikina gaur egun Loroñon dagoen aparkalekuan egingo litzateke, proiektuaren arabera. Eremu pribatua da, gaur egun erabilera publikoa duena. Udaletxeak erostea proposatu du EH Bilduk. Aparkalekua proiektu osoa edo haren zati bat finantzatzeko erabiltzea ere aipatu dute, egitasmoa ekonomikoki bideragarriagoa izate aldera.
Eztabaida publikoa
EH Bilduk azaldu duenez, lehenik eta behin EAJri eta PSEri helarazi diete proiektua, 2020ko aurrekontua garatzeko batzorde misto sortu berriaren barruan. "Agintaldiaren hasieran hezkuntza-arloan dauden arazo larriei erantzuteko sortu zen Hezkuntza Mahaiko eragileei ere aurkeztu diegu proiektua", gaineratu du koalizioak. Mahai horretan, alderdi politikoez gain, Zipiriñe eta Iberre ikastetxeetako zuzendaritzak eta guraso-elkarteak daude.
"Eztabaida batzorde misto delakoan egingo da lehenik", adierazi du EH Bilduk, "baina gure proposamenaren gaineko iritzia eskatuko diegu ere bestelako eragile polltiko eta sozialei, eta hezkuntza-arlokoei barne, aurreproiektu hau partekatutako proposamen baten abiapuntua izan dadin". Horrez gain, sopeloztar denei eskatu diete egitasmoaz duten iritzia emateko.