Joan den otsailaren 28an elkartu zen Sopelako mugimendu feminista Kurtzio kultur etxean; bilera irekia izan zen eta bertan, besteak beste, martxoaren 8ari begirako egitaraua adostu zuten. Hala, barikutik domekara bitarteko ekintzak antolatu dituzte. Lehenengoa gaur izango da, Sare herritarrak taldeagaz antolatutako mahai-ingurua. Horretan, emakumea eta kartzela izango dute ardatz; 19:30ean jarri dute hitzordua, Kurtzio kultur etxean. Bihar, martxoaren 7an, serigrafia tailerra egingo dute udaletxearen aurreko plazan, 18:00etatik aurrera. Bertan, poltsak eta kamisetak egiteko aukera egongo da.
Domekan, martxoaren 8an, kalejira egingo dute herrian zehar. Goizeko 10:30ean jarri dute hitzordua, udaletxeko plazan. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Larrabasterrako Urgitxieta plazan. Bilboko manifestaziora joateko deia ere egin dute, 13:00etan Jesusen Bihotza biribilgunetik hasiko dena. Bertara joateko hitzordua jarri du Sopelako mugimendu feministak: eguerdiko 12:00etan Larrabasterrako metro geltokian.